Gizartea -
KORONABIRUSA
Biarritzen gertatutakoa ikertzeko eskatu du Pirinio Atlantikoetako prokuradoreak
5.000 lagun inguru bildu ziren Aguilera estadioan, Biarritz Olimpyque eta Aviron Bayonnais taldeen arteko euskal derbia ikusteko, eta partidaren amaieran ez ziren osasun neurriak bete.
EITB Media
Pandemia aldian Euskal Herrian bildu den jende multzorik handiena elkartu zen atzo arratsaldean Biarritzen, Biarritz Olimpyque eta Aviron Bayonnais taldeen arteko errugbi partidan. 5.000 lagun batu ziren Aguilera estadioan, eta covid-19agatik ezarritako osasun neurriak zorrotzak izango zirela iragarri bazen ere, partida amaitu ostean, ez ziren bete: ez zen segurtasun distantziarik gorde, musukorik gabe zeuden ehunka zaletu eta alkohola sartu zuten estadio barrura. Hori dela eta, Pirinio Atlantikoetako prefetak ikerketa zabaltzea agindu dio Baionako prokuradoreari, eta Biarritzeko Olympique taldeari zigorra jartzeko aukera aztertzen ari dira.
Prefetak igorritako oharrak jasotzen duenez, ekainaren 1ean kaleratutako dekretuak jaso zituen atzo bete beharreko neurriak eta Olympque taldearena zen neurri horiek errespetarazteko erantzukizuna. Beraz, partidaren aurretik zein ondoren kontrol neurriak hartzea ere eurei zegokiela jasotzen du idatziak, eta hori guztia ikertzea eta har daitezkeen neurriak aztertzea eskatu du.
Euskal taldeen arteko derbian elkartu dziren zaleek txertatze ziurtagiria edo diagnostiko test negatiboa aurkeztu behar izan zuten estadiora sartu orduko. Gainera, Baionako eta Biarritzeko taldeen zaleek gune bana izan zuten egoteko, eta ezin izan zuten bertatik mugitu. Estadioko segurtasun neurriak argiak ziren arren, publikoak ez zituen guztiz bete, batez ere, partidaren amaieran.
Tabernei dagokienez, prefetak debekatu egin zuen partida telebistan ematea, eta Paueko Auzitegiak arrazoia eman zion, ostalariek jarritako helegitea atzera botata. Hortaz, estadiora joateko aukerarik izan ez duten zaletuek etxean ikusi behar izan zuten kirol ekitaldia.
Kalerako ere segurtasun neurri bereziak ezarri zituen prefetak: ezin izan zen alkoholik edan arratsaldeko 16:00etatik aurrera.
Ipar Euskal Herrian, herritarren txertaketa prozesua oso aurreratuta dago; izan ere, 18 urtetik gorako edozein herritarrek eska dezake txertoa hartzeko hitzordua. Gainera, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeak txertatuko dituzte, ekainaren 15etik aurrera. Neurri murriztaileak ere Hegoaldekoak baino gogorragoak dira: oraintsu ireki dituzte tabernen barrualdeak eta 23:00etan dute etxeratzeko agindua.
Biarritz Olympique, garaile
Biarritz Olympique izango da hurrengo denboraldian Top14 txapelketan, Frantziako errugbiaren maila gorenean, arituko dena, atzoko partida irabazi ostean. Aviron Bayonnais bigarren mailara jaitsi da, eta ProD2 mailan jardungo du datorren sasoian, Aguilera estadioan jokatutako euskal derbia galdu eta gero.