Gizartea -
UDA EAE-N
Nola babestu gure etxeak udako oporretan
Besteak beste, sare sozialetan gure oporren berri ez emateko gomendio luzatu du Segurtasun Sailak, eta, behar izatera, etxeko ixte-sistemak aldatzeko deia ere egin du.
A. S | EITB MEDIA
Uda iritsi da eta, oporrak medio, hilabeteotan etxebizitza asko hutsik geratuko dira aurten ere. Garai honetan nabarmen gehitzen dira etxebizitzetan egiten diren lapurretak.
Horregatik, garrantzitsua da etxeetan lapurretak sahiesteko lagungarri izan daitezkeen gomendioei errepaso txiki bat egitea. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zenbait gako eta segurtasun-aholku eman ditu oporrak hasi aurretik kontuan hartzeko. Hona hemen horietako batzuk:
- Ez eman oporren berri sare sozialetan. Ez argitaratu bidaia-planik, helbiderik edo datu pertsonalik, balizko kriminalei informazio baliotsua eman badiezaiekegu.
- Ate eta leihoetan bideozaintzako kamerak eta/edo irekitze-sentsoreak instalatu.
- Balioko elementuen (artelanak, bitxiak, etab.) inbentarioa eta erregistroa egin, ahal izanez gero argazkiak eta serie-zenbakiak gehituta.
- Inguruan jende susmagarria hautemanez gero, zalantzarik gabe deitu poliziari. Garrantzi handiko abisuak dira Ertzaintzak edo dagokion Udaltzaingoak ahalik eta azkarren egiaztatu ahal izan dezaten lapurretaren bat gertatzen ari den.
- Korronte elektrikoaren tenporizadoreak erabili gailu elektrikoetan (adibidez irratian edo telebistan) etxean norbait dagoela aditzera emateko.
- Balioko objektu guztiak kutxa gotor batean sartuta utzi.
- Etxetik kanpora denbora luzean egon behar baduzu, postontzia husteko edo tarteka etxera joateko eskatu konfiantzazko norbaiti, eta, larrialdiren bat gertatzen bada ere, zu aurkitzeko datuak utzi.
- Etxeko ixte-sistemak aztertu eta, beharrezkoa bada, aldatu. Etxeetan lapurtzera sartzeko metodorik ohikoenetako bat "bumping" delakoa da. Lapurrek ateak irekitzeko sistema horren aurrean ahulak diren sarraila mota jakin batzuetara jotzen dute; izan ere, kasu askotan, obran instalatutako sarraila-zilindroek ez dute anti-bumping babes espezifikorik izaten.
- Etxera iristean, atea behartuta dagoela edo etxean norbait sartu dela ikusten baduzu, ez sartu eta deitu 112ra.
- Ez utzi dirurik, ezta kreditu-txartelik ere gako eta guzti.