Gizartea -
LGTBI kolektiboa
Gehituk lege bat eskatu du berdintasun soziala bermatzeko
Asteleheneko Harrotasunaren Eguna dela eta, elkarteak nortasunaren garapen askerako eskubide konstituzionala bermatzen duten hainbat lege onartzea eta aldatzea eskatu du.
EITB MEDIA
Gehitu Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualen elkarteak "lege integral bat onartzea" eskatu dio Eusko Legebiltzarrari, besteak beste "berdintasun sozialerako eta osotasun fisiko eta moralerako oinarrizko eskubideak" bermatzeko.
Hori da Gehituk datorren astelehenean, ekainaren 28an ospatuko den Harrotasunaren Egunaren harira egin duen manifestuan adierazitako aldarrikapen nagusietako bat. Joseba Errekalde elkarteko presidenteak aurkeztu du, eta prentsaurrekoan izan dira baita ere Jokin Esnaola eta Maitane Arzalluz elkarteko kideak.
Gaur jakitera eman duten dokumentuak "transexualitatea behin betiko 'despatologizatzen' duen Estatuko lege bat onartzea" eta beste arau batzuk aldatzea eskatzen du, besteak beste, Erregistro Zibila arautzen duena. Hala, "genero-autodeterminazioan islatzen den nortasunaren garapen askerako eskubide konstituzionala bermatzea" espero dute.
Testuak, bestalde, "mundu mailan LGTBI kolektiboko pertsonen egoera tamalgarriari" dagokionez, nazioarteko lankidetzaren garrantzia eta "Europar Batasunaren, Europako Kontseiluaren eta Nazio Batuen erakunde ezberdinen inplikazio handiagoa" beharrezkoa direla azpimarratzen du.
Azkenik, "HIESaren pandemiari aurre egiteko" politika publikoak indartzea eskatu du; izan ere, COVID-19ak lehen gaixotasunaren garrantzia "eklipsatu" duela azaldu dute, eta oraindik gaitz horri aurre egiteko txertorik ez dagoela gogorarazi dute.
Agerraldiaren beste une batean, Joseba Errekaldek Euskadin izandako azken eraso homofoboak ere gaitzetsi ditu; izan ere, gogorarazi duenez, "inoiz ez dira desagertu". Nahiz eta batzuetan "agerikoagoak" izan, mikroerasoak etengabe gertatzen direla aldarrikatu du.
Azkenik, aurreratu du Gehituk datorren asteleheneko Harrotasunaren Eguna hainbat jarduerarekin ospatuko duela, besteak beste, Donostiako Tabakalera zentroan egingo den erakusketarekin eta Bilboko La Bolsan egingo den LGTBI behatokiaren aurkezpenarekin.