Gizartea -

zeliakiaren inguruko ikerketa

Zeliakia listu bidez detektatzeko metodoa garatu dute euskal ikerlariek

Metodoak % 73ko eraginkortasuna erakutsi du eta oso erabilgarria izan daiteke zeliakoa izan daitekeenaren susmoa duten pazienteen behaketarako, endoskopia bezalako proba inbaditzaileak saihesteko.

Laborategi bateko irudia. Argazkia: PXhere
Laborategi bateko irudia
Laborategi bateko irudia. Argazkia: PXhere

Olatz Prat | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ainara Castellanos eta Maialen Sebastian, UPV/EHU eta Ikerbasque-ko ikerlariek, Biodonostia eta Biocruces institutuekin eta Txagorritxu eta Galdakaoko ospitaleekin lankidetzan, gaixotasun zeliakoaren diagnostikoan laguntzeko metodo ez inbaditzaile bat garatu dute listua erabiliz. Frogatu dute, metodo honi esker, gutxitu egin daitekeela beste metodo inbaditzaile batzuen erabilera, endoskopiak eta odol-proba genetikoak, kasu.

Egun, diagnostikoa baieztatzeko endoskopia egitea beharrezkoa da. Hau prozedura desatsegina izateaz gain, nahiko garestia izaten da, eta ez da beti beharrezkoa. Alde batetik, gaixotasun zeliakoaren sintomatologia duten pazienteei endoskopia egiten zaie, baina sintomak: tripako mina, pisu galera edo anemia, besteak beste oso arruntak izaten dira, alegia, beste gaixotasun askoren antzekoak.

Era berean, gaixotasun zeliakoa garatzeko arrisku handiena ematen duen aldaera genetikoa populazio osasuntsuaren ehuneko handi batean dago. Ondorioz, sintoma eta arrisku genetikoa duten paziente ez zeliako askori behar ez den endoskopia bat egiten zaie.

Hortik abiatuta, Castellanos ikerlari nagusiak eta Sebastian doktoratu aurreko ikasleak, ikertu nahi zuten ea ba ote zen beste metodo posiblerik, metodo inbaditzaileak erabili beharra saihesteko, nahitaezkoa ez den kasuetan.

Metodoa garatzeko prozedura hurrengo hau izan da: Lehenik eta behin, listuan ere zeliakoen hestean ikusten den hantura ikusteko gai zirela ziurtatu zuten. Ondoren, paziente zeliakoen eta paziente kontrolen (hau da paziente ez zeliako) listu laginetan hantura kuantifikatu zuten. Listu lagin horietan gaixotasun zeliakoaren arrisku genetika ere aztertu zuten.

Hanturaren eta arrisku genetikaren inguruko informazio horrekin guztiarekin, iragarpen formula bat sortu zuten. Eredu honen iragarpen ahalmena 100 listu laginetan itsuan frogatu zuten eta lortutako asmatze tasa %73koa izan zen. Gainera, euren iragarpen ereduak %91ko sentikortasuna aurkeztu zuen, hau da, gaixotasun zeliakoa dutenen artean asmatze tasa %91koa izan zen.

Castellanosek eta Sebastianek uste dutenez garatu duten metodoa "gaixotasun zeliakoa izateko susmoa duten pazienteei, endoskopia egin baino lehen, baheketa modura egitea baliogarria izan daiteke". Euren iragarpen ereduak sentikortasun altua du eta beraz, gaixotasun zeliakoaren diagnostikoa baztertzeko egokia dela uste dute. Era berean, onartu dute euren iragarpen ereduarekin emaitza onak lortu dituzten arren ez dela %100 zehatza, eta beraz gaur egungo diagnostiko metodo tradizionala ezin dela guztiz baztertu. Ondorioz, eredu honek zeliakotzat iragartzen dituen pazienteei endoskopia egitea ideia ona izango litzatekeela proposatzen dute ikerlan honen arduradunek. Edozein kasutan ere, metodo hau erabiliz egiten diren endoskopia kopurua asko murriztuko litzateke. Gainera, erakutsi dute, listu lagin berdinean gaixotasunaren arrisku genetika ere aztertu ahal denez, odolean egiten diren proba genetikoen ordezko ez-inbaditzailea ere izan daiteke, listu laginen bilketa odola ateratzea baina erosoagoa baita.

Zer da zeliakia?

Gaixotasun zeliakoa nahasmendu autoimmune konplexua da, eta genetikoki aurrez prestatuta dauden pertsonei eragiten die. Kalkuluen arabera, biztanleen % 1ek du gaixotasun hori, eta, gaixotasun hori sortu ondoren, bizitza osoan irauten du.

Zeliakia duten pertsonek ezin dute, besteak beste garian, garagarrean eta zekalean dagoen glutena proteina. Glutena hartzeak hesteetako nahasmenduak eragiten ditu gaixotasun zeliakoa duten pertsonengan, eta horiek larriak izan daitezke intolerantzia oso handia bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia