Gizartea -
Bilbo
Bilbo barrakak jartzea aztertzen ari da, pandemiaren bilakaeraren arabera
Era berean, Udalak "babesa eta ulermena" adierazi dio pandemiak hainbeste zigortu duen ferianteen sektoreari.
EITB MEDIA
Bilboko Udalak 2021ean zehar Bilbon barrakak jartzea aztertzeko konpromisoa hartu du, "pandemiaren bilakaera eta LABIk hartzen dituen neurriak kontuan hartuta". Hala ere, udal gobernuak ohartarazi duenez, ez da posible izango covid-19ak eragindako pandemiaren aurretik Aste Nagusian ohikoak barraka-eremuak jartzea.
Ostegun honetako udalbatzak EH Bilduren mozio bat eztabaidatu du, udan barraka-esparruak edo azokak jartzea eskatzen zuena, beti ere sektoreko ordezkariekin baldintzak adostuz eta pandemia-egoeraren ondorioz hartzen diren osasun-neurriak betetzen direla ziurtatuz. Gainera, Bilbo Aurrera planaren baitan, instalazioagatik aplikatu beharreko tasak aldatzeko aukera aztertzeko eskatu dute, pandemiak kaltetutako sektoreari laguntzeko.
Azkenik, gobernu taldeari zegokion zuzenketa bat aurrera atera da EH Bildurekin adostu ostean, beti ere PPren eta Bilboko Elkarrekin Podemosen babesarekin. Hala, Gobernu Batzordeari 2021ean zehar Bilbon azoketako atrakzioak jartzea ahalbidetzea eskatu zaio.
Jatorrizko mozioaren bigarren puntu batean EH Bilduk Bilbo Aurrera planaren baitan azoka-esparruak ezartzearekin lotutako tasa espezifikoak aldatzeko aukera aztertzea eskatzen zuen.
Xabier Jimenez Bilboko Elkarrekin Podemos alderdiko zinegotziak adierazi duenez, Euskadin mila familia inguruk "biziraun" dute beraien diru iturri nagusia diren barraka horiek martxan jarri ezinik, koronabirusaren pandemiak ezarritako murrizketen ondorioz.
Halaber, "positibotzat" jo du Bilbo Aurrera 2021 Planaren baitan hobari fiskal batzuk ezartzea, nolabait jarduerara itzultzea sustatu edo errazteko familia horiei.
Bestalde, Carlos Garcia PPko zinegotziak esan du bere alderdiak "lana, kultura eta pertsonen bizitza hobetzen" duten jarduera guztiak babestuko dituela, "betiere beharrezko osasun-neurriekin ", eta ferianteei laguntzak ematearen alde agertu da.