Gizartea -

Polizia operazioa

Emakumeen salerosketan aritzen zen sare bateko lau kide atxilotu dituzte Donostian

Guztira zazpi pertsona hartu dituzte atxilo, gainerakoak Madrilen. Gaizkileek prostituitzera behartzen zituzten biktimak. Bi emakume askatu dituzte.

E. G.| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak emakumeen salerosketan aritzen zen sare bat desegin du Gipuzkoan eta Madrilen eta zazpi pertsona atxilotu ditu, lau, Donostian.

Poliziak ohar batean jakinarazi duenez, gaizkileek lantegi klandestinoetan lan egitera, prostituitzera eta lapurretak egitera behartzen zituzten biktimak. Hain justu, bi emakume askatu dituzte agenteek. Egindako miaketetan hainbat dokumentazio eskuratu du Poliziak. 

Herritarren laguntza ezinbestekoa izan da operazio honetan, Espainiako Poliziak gizakien salerosketaren kontra aritzeko duen helbide elektronikoan (trata@policia.es) jasotako mezu bati esker abiatu baitzuen ikerketa.

Gutxienez 10 lagunek osatzen zuten erakundea, eta Donostian eta Madrilen egiten zuten lan. Taldeko burua, orain atxilotua, jatorri mogoleko emakume bat zen, eta bere jatorria baliatzen zuen Europa mailan herrialde horretako pertsonekin harremanetan jartzeko "erreferente" bihurtzeko. Paperak nola lortu eta Espainiako Estatuan legez kanpo nola sartu aholkatzen zien, ordain ekonomiko baten truke.

2019an, baliabideak zituzten emakumeak erakartzen hasi zen, Schengen eremuko herrialdeetan ikasteko edo lan egiteko aukerekin engainatzen zituenak. Azken asmoa lan eta sexu esplotazioa zen, biktimak tailer klandestinoetan lan egitera, Madrilgo lokaletan prostituitzera eta hainbat establezimendutan lapurretak egitera behartuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Delituak Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Matxismoa Giza eskubideak Lapurretak