Gizartea -
Britainia Handia
Jude Lawk kalte ordainak jasoko ditu entzute ilegalak jasatzeagatik
Jadanik itxita dagoen 'News of the World' egunkariko langileek kalte ordainak jasoko dituzten 36 pertsona horien mugikorrak zituzten atzemanda.
Erredakzioa
Jude Law aktore britainiarrak eta John Prescott lehen ministro ohi laboristak kalte ordainak jasoko dituzte News International komunikabide taldearen eskutik, beraien abokatuek Londresko Auzitegi Nagusian esan dutenaren arabera. Beraiez gain, beste 36 pertsona famatuk ere indemnizazio hauek jasoko dituzte.
Jadanik itxita dagoen 'News of the World' egunkariko langileek indemnizazioak jasoko dituzten 36 pertsonen mugikorrak zituzten atzemanda. Editore enpresarekin hitzartu ostean, kalte-galerei dagokien dirua jasotzea erabaki dute, salaketa alde batera uzteko hitza eman ostean.
Lawz (155.000 euro jasoko dituela) eta Prescottez gain (36.000 euro), enpresak beste hainbat pertsonei eskainiko dizkie kalte-ordainak, horien artean Londresko parlamentuan Rupert Murdochen entzute ilegalak gehien kritikatu zituen Crish Bryant parlamentari laboristari. Ashley Cole futbolariak ere dirua jasoko du, nahiz eta ezin izan den kopuru hori zehaztu. Mark Thomson abokatuak azaldu duenez, lau horiez gain, Meg Matthews eta Sadie Frost Noel Gallager Oasis taldeko gitarjolearen eta Jude Lawren emazte ohiek ere kalte ordainak kobratuko dituzte.
Informazioa "filtratzen jarraitzen zen"
Jude Lawk kaleratutako komunikatu batean diru kontuak berdin ziola aipatu zuen, batez ere gertatutakoa argitzea zelako bere nahi nagusia. Bere esanetan, entzuketen horiek "inguruko jendeaz mesfidatzen" hastea eragin zion.
Nahiz eta mugikorrez aldatu eta bere etxean mikrofonorik ez zegoela ziurtatu, informazioa talde horren egunkarietara filtratzen jarraitzen zela azaldu zuen Lawk.
News of the World egunkariko kazetari eta detektibeen lanaren ondorioz, Britainia Handian entzuketen 800 biktima daudela kalkulatzen da, horien artean bertako pertsona famatu zein soldadu edota hilketa entzutetsuen biktimen familiakideak.