Gizartea -
Istripua
Lau pertsona hil dira Alacanten, tren batek eta ibilgailu batek talka eginda
Novelda eta Monforte del Cid arteko zirkulazioak etenda jarraitzen du eta Adif istripuaren arrazoiak ikertzen ari da.
EITB MEDIA
29 eta 31 urte bitarteko lau pertsona hil dira ostiral honetan Noveldako (Alacant) trenbide-pasagune batean tren batek eta ibilgailu batek talka eginda, Larrialdien Informazio eta Koordinazio Zentroak (CICU) jakitera eman duenez.
CICUri 17:15ak aldera jakinarazi diote auto batek istripua izan dutela Noveldako Cami de Castillako trenbide-pasagunean, geltokiaren inguruan. Adifek zehaztu duenez, pasaguneak argi eta soinu-seinaleak izateaz gain, hesi erdi automatikoak ditu.
Suhiltzaileen partzuergoko iturrien arabera, Lorcara zihoan Bartzelonako tren batek auto bat harrapatu du, eta azken hori oso kaltetuta geratu da. Istripuaren ostean, Adifek larrialdietarako protokoloa martxan jarri du.
Novelda eta Monforte del Cid (La Encina-Alacant Terminal linea) arteko zirkulazioa eten egin dute 17: 30etik aurrera, Adifek jakitera eman duenez. Bestalde, Renfek autobus bidezko garraio alternatiboa ezarri du kaltetutako trenetako bidaiarientzat.
Adifek ikerketa abiatu du istripuaren arrazoiak argitzeko, eta "agintarien esanetara" agertu da. Halaber, biktimen senideei eta lagunei doluminak eman dizkie, eta larrialdietako taldeen lana eskertu du.
Jose Luis Abalos Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroak istripua "tragikoa" izan dela, eta "babes eta elkartasun osoa" adierazi die senideei, baita "egindako lanengatik larrialdi zerbitzuei eskerrak" eman ere.
Bestalde, Ximo Puig Generalitateko presidenteak doluminak eman dizkie hildakoen senideei, eta "zuhurtasun handia" eskatu du bidaiatzean.