Gizartea -

KORONABIRUSA

18-29 urtekoen txertaketa eta 60-67koen bigarren dosia aurreratuko dute Nafarroan

Azken agerraldiak ikusita, gazteak immunizatu nahi ditu, batetik, Nafarroako Gobernuak, eta, bestetik, AstraZenecaren bigarren dosiaren zain dauden adinekoen pauta amaitu nahi du hilabete amaierarako.

Osasun langile bat txertoa jartzen. Argazkia: EFE
Osasun langile bat txertoa jartzen. Argazkia: EFE
Osasun langile bat txertoa jartzen. Argazkia: EFE

E.J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan izaten ari den covid-19 kasuen igoera ikusita, eta Indiatik datorren Delta aldaera ziztu batean hedatzen ari dela kontuan izanda (azken egunotan atzemandako kasu berrien ia % 30 aldaera honetakoak dira), Nafarroako Gobernuko Osasun Departamenduak txertaketa egutegia aldatzea erabaki du bi kolektibo garrantzitsutan.

Alde batetik, hilaren amaierarako aurreikusita zegoen 18 eta 29 urte bitarteko gazteen txertaketa (80.000 pertsona) aste batzuk aurreratuko da, uda hasiera honetan izaten ari diren agerraldietako protagonista den adin-tarte hori immunizatzen hasteko. Izan ere, gazteen artean diagnostikatzen ari dira kutsatzeen % 70, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Hori dela eta, Osasun Sailak dagoeneko zabaldu du kolektibo hori txertatzeko aukera ohiko bideetatik, eta txerto-horniduraren arabera jarriko dute lehen dosia.

Uztailean, bigarren dosiaren zain diren adin-talde guztietako pautak ixtea aurreikusita zegoen, berez. Hori dela eta, webera sartu eta txertorik ez dagoela adierazten badu zerbitzuak, ez kezkatzeko eta aurrerago saiatzeko adierazi du Osasun Departamentuak, data berriak eskainiko baitira etengabe, Nafarroara txerto gehiago iritsi ahala.

Bestalde, Osasun Sailak lehenbailehen immunizatu nahi ditu kolektibo zaurgarrienak, eta horien artean daude AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten eta, orain, bigarren dosiaren zain diren 60 eta 67 urte bitarteko herritarrak. 12 asteko tartea utzi beharra dago, berez, formula honekin, lehen eta bigarren dosiaren artean, baina txertaketa partzialki aurreratzea erabaki du Gobernuak, bi astez, EMAren eskari eta gomendio teknikoak jarraituz.

Kolektibo horretako pertsonekin, banan-banan jarriko dira harremanetan eta hitzordua borondatez aldatzeko eskaintza egingo diete. Aldaketa lekuan lekuko agendaren gaitasunaren arabera egingo dute. Talde horretako 57.000 herritar ia guztiek hilabetea amaitu baino lehen pauta guztiz osatuta izatea da helburua. Hori bai, talde txiki bat abuztuaren hasierarako geratuko da, dosien arteko tartea errespetatzeko.

Gaur egun, 40 urtetik gorako nafarren % 90ek dosi bat du gutxienez, eta % 55 erabat immunizatuta dago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Mendabia Lodosa Tafalla Etxarri Aranatz Viana Burlata Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Lizarra Altsasu Baztan Berriozar Atarrabia Corella Uharte Txertoak Barañain Antsoain Noain Eguesibar Cintruénigo Koronabirusa