Gizartea -
Karguaz jabetzeko ekitaldia
Eliza "pertsona berriengana heltzea" nahi du Joseba Segura Bilboko gotzainak
"Hobeto komunikatzen asmatu behar dugu eta uste sendoarekin maitasuna jarri behar diogu", esan du. "Inori leziorik eman gabe… pribilegioak defendatu nahi ditugula aditzera eman barik", erantsi du.
Agentziak | EiTB Media
Joseba Segura Bilboko gotzain karguaz jabetu da larunbat honetan, Santiago katedralean. Elizbarrutia 1950ean sortu zenetik zazpigarren gotzaina da. Karguaz ofizialki jabetu eta artzain-makila jaso ondoren, eukaristia zuzendu eta sermoia eman du Segurak. Eliza "pertsona berriengana heltzea" nahi du gotzain berriak. Horretarako, "hobeto komunikatzen asmatu behar dugu, eta uste sendoarekin maitasuna jarri behar diogu", adierazi du.
"Inori leziorik eman gabe… pribilegioak defendatu nahi ditugula aditzera ematea saihestu behar dugu. Azken eserlekuan jarri behar gara, maitasuna eta babesa behar duenari laguntzeko prest. Ebanjelioa argitasuna denaren uste sendoarekin jendeari hitz egin behar diogu. Apaltasunez berba egin, erraz uler gaitzaten", azpimarratu du.
Gainera, "munduarentzako proposamen esanguratsuak uste sendoarekin" eraikitzea eskatu du. "Elizak aginpide morala berreskuratu behar duela esan du norbaitek. Bidezko kritikak eta ez hain bidezkoak daudela egia da, baina bidezkoak ez direnek ere, apaltasunez hartuta, beti laguntzen eta hobetu nahi duen fededuna indartzen dute", azaldu du.
Prelatuak Mario Iceta Burgoseko artzapezpikuaren tokia hartu du. Icetak Bilboko Elizbarrutiari agur iragan azaroan esan zion ofizialki, hamar urte karguan eman ondoren.
Gaurko zeremonia mugatu behar izan dute covid-19 pandemiaren ondorioz. Horrela, 300 pertsona inguru bildu dira katedralean, aforoaren % 60.
Besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Ana Otadui Batzar Bizkaiko Nagusietako presidentea, Jose Vicente Reyes Espainiako Gobernuaren ordezkariordea, Begoña Ibarra de Zuazo Bizkaiko Aldundiaren Kultura zuzendaria eta Fernando Jimenez Barriocanal Espainiako Gotzainen Biltzarreko Gai Ekonomikoetara idazkariordea ekitaldian izan dira.
Guztira, 26 gotzain, artzapezpiku eta kardinal izan dira karguaz jabetzeko zeremonian. Horrela, Bernardito Auza Espainiako nuntzio apostolikoak eta Ricardo Blazquez kardinalak parte hartu dute. Blazquez 15 urtez Bilboko gotzain izan zen, baita Gotzainen Biltzarreko presidentea ere. Valladolideko artzapezpikua da egun.
Juan Jose Omella Gotzainen Biltzarreko presidente eta Bartzelonako artzapezpikua eta Carlos Osoro kardinal eta Madrilgo artzapezpikua ekitaldian egon dira. Mario Iceta Burgoseko artzapezpikua eta Seguraren aurrekoa ere bertan izan da.