Gizartea -
Iragarpena
Gallardonek erreforma historikoak iragarri ditu, Justizia zorrozteko
Abortuaren eta Adingabeen legeak erreformatuko ditu eta biziarteko espetxe zigor berrikusgarria ezartzea aztertuko du.
Erredakzioa
Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroak erreforma-sorta historikoa iragarri du asteazken honetan, Justizia zorroztea helburu.
Besteak beste, Gallardonek Abortuaren eta Adingabeen legeen erreformak, koordainketa juridikoa eta biziarteko espetxe zigor berrikusgarriaren balizko ezarpena iragarri ditu, Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordean egindako lehen agerraldian.
Halaber, ETAko presoek barkamena eskatu eta egindako kaltea konpondu beharko dutela ohartarazi du.
Abortuaren Legea: gurasoen baimena, ezinbestekoa
Gallardonek Abortuaren Legea erreformatuko du, abortatu nahi duten adingabeek gurasoen baimena behar izateko.
Justizia ministroak kritikatu du egungo legea "adostasunik gabe eta kontsulta organoak aurka izanda" onartu zuela PSOEren Gobernuak, eta oraingo erreformak bizitzeko eskubidearen defentsa izango duela oinarri, Auzitegi Konstituzionalaren doktrinaren arabera.
2010eko uztailetik indarrean dagoen legearen arabera, 16 eta 17 urteko neskatoek ez dute gurasoen baimena behar abortatu ahal izateko. Hori bai, gurasoek informatuta egon behar dute.
Adingabearen Legea: epaiketa bakarra umeentzat eta helduentzat
Gobernuak Adingabearen Legea ere aldatu nahi du, delitu larri batean adingabeak eta helduak nahasita badaude, denak batera epai ditzaten, adingabeei legedi berezia ezartzen jarraituko badute ere.
Erreformak Marta del Castilloren antzeko auzietan izango luke eragina. Izan ere, 'El Cuco' adingabea gainerako auzipetuetatik bereizita epaitu zuten.
Martxoaren 11ko atentatuen auzian ere berdin gertatu zen, 'El Gitanillo' izeneko adingabe bat nahasita baitzegoen. Zentro itxi batean sei urtez giltzapetzea eta 5 urteko askatasun behatua ezarri zioten.
Koordainketa juridikoa
Gallardonek koordainketa juridikoa ere onartu nahi du, bigarren auzialdietatik aurrera, "abusuak" saihesteko eta baliabideen erabilera hobetzeko.
"Herritarra ez bada konformatzen Botere Judizialaren lehen erantzunarekin eta beste bat nahi badu, orduan ezarriko zaizkio tasak", azaldu du. Helegiteak aurrera egiten badu, baina, ordaindutakoa itzuli egingo zaio.
Baliabiderik ez dutela egiazta dezaketen pertsonek ez dute tasa hori ordaindu beharko. Ofizioko abokatua izateko ere baldintza hori jarriko dute.
Biziarteko espetxe zigorra?
Gobernuak espetxe zigor iraunkor berrikusgarria ezartzea aztertuko du. Biziarteko zigorraren antzekoa izango da, "Europako beste hainbat herritan" dagoen moduan.
Gallardonen esanetan, salbuespen neurria izango litzateke, alarma sozial handia piztu duten auzietarako.
ETAko presoek barkamena eskatu beharko dute
ETAko presoen harira, Gallardonek gogorarazi du Konstituzioak ez duela aurrez ikusten amnistia, indultu orokorrak "debekatuta" daudela, eta banakakoek "baldintzak" dituztela.
Hori horrela, ministroak nabarmendu du presoek "barkamena" eskatu eta egindako kaltea ordaintzeko edo kopontzeko asmoa agertu beharko dutela.
Nolanahi ere, edozein neurri biktimekin kontsultatuko dutela erantsi du.