Gizartea -

Koronabirusa

Udaltzaingoa eta Ertzaintza kalean izango dira goizaldean jende pilaketak ekiditeko

Bizikideak ez diren pertsonak eremu publikoetan biltzea galarazten duen dekretua gauerdian sartu da indarrean. Santurtziko Udalak hainbat eremu itxiko ditu eta kamerak jarriko ditu botiloiak saihesteko asmoz.

Ertzain bat eta udaltzain bat hizketan. Artxiboko argazkia: Ertzaintza
Ertzain bat eta udaltzain bat hizketan.
Horrela prestatzen ari dira euskal udalerriak goizaldean jende pilaketak ekiditeko

3:56

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizikideak ez diren pertsonak kalean 00:00etatik 06:00etara biltzea galarazten duen dekretua gauerdian sartu da indarrean. Gazteen arteko kutsatzeek gora egin dute azken asteetan eta neurri horren bidez covid-19aren hedapena geldiarazi nahi du LABI instituzionalak. Udaltzaingoak eta Ertzaintza arduratuko dira murrizketa betearazteaz.

Iñigo Urkullu lehendakariaren dekretu berriaren arabera, 00:00etatik 06:00etara bizikideak ez diren pertsonak aire libreko eremuetan (parkeetan, lorategietan, hondartzetan, kirol guneetan, patinatze pistetan, portuetan, itsas pasealekuetan…) ez biltzea gomendatzen da.

Hala ere, pertsonen zirkulazioa ez dago debekatuta eta, beraz, posible izango da ordu horietan eremu horietatik igarotzea.

Dekretuaren arabera, udalen edo horretarako eskumena duten erakundeen ardura izango da gauerditik aurrera jendea pilaketan gerta daitezken eremuak zeintzuk diren zehaztea.

Gauzak horrela, Udaltzaingoaren esku egongo da goizaldean pilaketak eta botilioiak saihestea. Alabaina, Euskadiko Udalen Elkarteak –Eudel-  ohartarazi du ezinezkoa dela "bizilagun bakoitzaren atzean udaltzaingo bat jartzea" eta, ondorioz, herritarrei arduraz jokatzeko eta arauak betetzeko deia egin die.

Ildo horretan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du dekretua betetzeko ardura erakunde guztiena dela, eta ez soilik udalena. Hala, Udaltzaingoek Ertzaintzaren laguntza izango dute eginkizun horretan.

Bilboko eta Santurtziko udalek, esaterako, iragarri dute dispositibo bereziak ezarriko dituztela goizaldean eremu publikoak zaintzeko.

Radio Euskadiko elkarrizketa batean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi du Udaltzaingoak "eskura dituen bitarteko guztiak" erabiliko dituela dekretu berria betetzen dela bermatzeko. Halaber, isunak eta zigorrak jartzerakoan "irmoak" izango direla agindu du.

Bestalde, Santurtziko Udalak jakinarazi du gazteek botiloiak egiteko erabili ohi dituzten guneak itxi egingo dituztela eta hainbat tokitan zaintzarako kamerak ezarriko dituztela.

Horrez gain, Udalak gogora ekarri du asteburu honetan ospatu behar ziren Karmen jaiak bertan behera utzi zituztela pandemiaren eraginez eta, beraz, arduraz jokatzeko eskatu die herritarrei.

Herri txikiak kexu dira ez daukatelako baliabide nahikorik jende multzoak kontrolatzeko
Herri txikiak kexu dira ez daukatelako baliabide nahikorik jende multzoak kontrolatzeko
Herri txikiak kexu dira ez daukatelako baliabide nahikorik jende multzoak kontrolatzeko

1:16

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala Donostiako Udala Bilbo Donostia Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa LABI