Gizartea -

KORONABIRUSA

622 positibo berri zenbatu dituzte Nafarroan, 131 Bortzirietan

Lesakan bakarrik 65 kutsatze atzeman dituzte azken 24 orduetan; Beran 40 izan dira.

Lesakan egindako baheketa. Argazkia: Iker Beroiz Nieto (@Rojigorri)
Lesakan egindako baheketa.
Lesakan egindako baheketa. Argazkia: Iker Beroiz Nieto (@Rojigorri)

Eider Garaikoetxea O.| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan beste koska bat egin dute gora kutsatzeek, eta 622 zenbatu dituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

3.978 proba diagnostiko egin dituzte eta horietatik % 15,6 positibo izan dira.

Ostegunari dagozkion datuek urriaren 29ko maximotik gertu utzi dute Erkidegoa, orduko hartan 698 kasu zenbatu baitzituzten. Duela zazpi egun atzemandakoak baino 347 gehiago dira, eta duela bi aste baino 509 gehiago.

Ez-sanferminen testuinguruan, transmisioak gora egin du nabarmen azken egunetan Lesaka inguruan. Asteazkenean egindako baheketa masiboak eta positiboen kontaktu estuei egindako testek are gehiago igoarazi dituzte Bortzirietako datuak. Hala, 131 positibo zenbatu dituzte bost udalerriotan: 65, Lesakan; 40, Beran, 14, Igantzin eta 6na Etxalarren eta Arantzan. Gainerakoan, kezkagarria izaten jarraitzen dute Iruñeko hainbat auzotan zenbatutako kutsatzeek ere: Arrotxapean 27 izan dira, eta Mendillorrin, 25.

Erietxeetan ere hasi da nabaritzen kutsatzeen gorakada. Azken orduetan 10 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, eta beste bi gaixo sartu ziren ZIUan. Horrenbestez, guztira, 40 lagun daude gela arruntetan eta 10 zainketa intentsiboetako unitatean. Zorionez, baina, ez da inor hil covid-19ak jota, eta pandemia hasi zenetik 1.193 dira zendutakoak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Lodosa Tafalla Etxarri Aranatz Albisteak Osasun albisteak Lizarra Altsasu Corella Azkoien Barañain Cintruénigo Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea