Gizartea -
Eguraldia
30 gradutik gorako maximoak eta giro eguzkitsua, asteburuan
Eguraldi-iragarpenaren arabera, tenperaturak 33 graduren bueltan kokatuko dira Erriberan, eta muga horretatik gertu ibiliko dira Arabako Errioxan; itsasaldetik hurbil, aldiz, 25 bat gradu izango dituzte. Eguzkia protagonista izango da, eta ondorengo egunetan berdin jarraituko du.
EITB MEDIA
Uztailaren 17ko eta 18ko asteburuan tenperatura maximoak 30 gradutik gorakoak izango dira Euskal Herrian, eta giro eguzkitsua nagusituko da; hori, zalantzarik gabe, hondartzara edo igerilekura joateko baliatuko dute milaka herritarrek, azken asteotan hori gutxitan egin ostean. Hala, eguraldi-iragarpenak zehazten du tenperaturak 33 graduren bueltan kokatuko direla Erriberan, eta Arabako Errioxan muga horretatik bertatik gertu ibiliko direla; kostaldetik hurbil, aldiz, 25 bat gradu izango dituzte. Eguzkia protagonista izango da, eta ondorengo egunetan berdin jarraituko du.
Hala, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, larunbatean giro eguzkitsua izango da EAEn, eta tenperatura koska pare bat gorago ibiliko da. Goizean, kostaldean eta inguruko bailaretan behe-hodeiak agertuko dira, batez ere Gipuzkoan eta Lapurdin, baina eguerdirako eguzkiak xurgatu egingo ditu. Gainerako lekuetan, egunsentiko behe-lainoak desegin ostean, zerua ia erabat urdin agertuko da. Tenperaturak gora egingo du: 24-28º C artekoak izango dira maximoak, eta hegoaldean 30 gradura iritsiko dira.
Iganderako, uda beteko eguraldia iragarri dute. Goizean goizetik, giroa eguzkitsua izango da, eta tenperatura larunbatean baino gehiago igo liteke, bereziki barnealdeko zenbait lekutan. Haizea ipar-ekialdetik ibiliko da, eta gauean mendebaldera alda liteke.
Astelehenean, hodei gutxi izango dira zeruan, eta tenperaturak apur bat gora egingo du.
Nafarroan, Meteo Navarraren arabera, larunbatean giroa eguzkitsua izango da; hori bai, goizean, ipar-mendebalean, behe-hodei batzuk egon litezke. Tenperatura maximoak igoko dira; igandean, minimoek egingo dute gora, hegoaldean.
Astelehen eta asteartean, Foru Erkidegoan, zeruan hodei gutxi izango dira, eta maximoek, horrez gain, gora egingo dute.