Gizartea -
Epaiketaren hirugarren saioa
Yasminen hiltzaileak 'bazekien zer egiten zuen', esan du ertzain batek
"Akusatuak bazekien zer egiten zuen eta gainera, justifikatu egiten zuen", deklaratu du Yasmin Rodriguezen ustezko hiltzailearen kargu egin zen ertzainak.
Erredakzioa
"Bazekien zer egin zuen eta, gainera, justifikatu egin zuen", esan du Yasmin Rodriguezen ustezko hiltzailearen kargu egin zen ertzainak. Yasminen hilketaren eta Juan Pablo Urtizberearen aurkako erasoaren egilea izan zela aitortu zion.
Gipuzkoako Auzitegian epaiketaren hirugarren saioa egin dute eta dozena bat poliziak deklaratu du. Erasotzailea zaintzen egon zen ertzainaren testigantza izan da esanguratsuena, eta hilketaren ondorengo uneetan erasotzaileak zuen "hoztasuna eta segurtasuna" deigarria iruditu zitzaiola esan du.
Ertzain honek deklaratu duenez, aurpegira begiratu eta "lasaitasun osoz" hauxe esan zion: "Berari lepoa moztu diot eta besteari ez dakit zer egin diodan, iskanbila handia zegoen eta. Badakit nire bizitza hondatu dudala, baina egin beharrekoa egin dut, oso gaizki pasarazi didalako. Besteari, erdian sartzeagatik eraso egin diot". Lekuko honek erasotzailea alkoholaren eraginpean zegoela ukatu du "ez zuen alkohol usainik, ongi hitz egiten zuen eta begiak ez zituen gorriak", esan du. Deklaratu duten beste poliziek ere gauza bera berretsi dute.
Testigantza hontaz gain, Bidasoako ospitalean zegoen beste polizia baten deklarazioa adierazgarria izan da. Bertako larrialdietarako zerbitzuko langileak Yasmini bizitza salbatzen saiatzen ari ziren bitartean, Urtizberea iritsi zela eta sabeletik "erraiak ere ikusten zitzaizkiola" esan du.