Gizartea -

Nafarroa

Bardean piztutako sutea egonkortzea lortu dute suhiltzaileek

Garrak 20:20 aldera piztu ziren labore soro batean, Vedado de Eguaras eremuan (balio ekologiko handikoa). Haizeak eta tenperatura epelek lagunduta, azkar zabaldu da sua.

Sutearen ikuspegia, gauez. Argazkia: @Guarderio_Na
Sutearen ikuspegia, gauez.
Nafarroako Gobernuak egonkortutzat jo du bart Bardean piztutako sutea

0:40

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sutea piztu da bart Nafarroako Bardean, Vedado de Eguaras eremuan (Valtierra), baina suhiltzaileek egonkortzea lortu dute dagoeneko. Garrek natura parkearen erdigunea hartu dutela-eta, kalte ekologiko handia eragin duela aurreikusi dute. 

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, eguna argitzearekin batera, hegazkinak bueltatu dira su hartu duen eremua amatatzen amaitzeko eta freskatzen jarraitzeko.

112 larrialdietarako telefono zenbakian 20:17an jasotako dei batek ohartarazi zuen suaz. Antza, labore soro bateko uzta biltzen ari zirela, makinak su hartu zuen eta garrak landan barrena zabaldu ziren.

Haizea zakar zebilen eta tenperatura epela zegoen. Hori dela eta, azkar batean hedatu zen sutea eta inguruko arbolak harrapatu zituen. Tutera, Azkoien eta Tafallako suhiltzaileak bertaratu ziren, baita bi helikoptero eta Noiango aireportuan basea duen Azor hegazkin bat ere.

Gaua heltzearekin batera, sutea airez amatatzeari utzi behar izan zioten, eta lurretik indartu ziren lanok, Lizarra, Zangoza eta Cordovillako suhiltzaileekin. 

Laguntzera joan ziren, halaber, Nafarroako Gobernuko basozainak eta Gurutze Gorriko boluntarioak. Horrez gain, inguruko abeltzainei traktoreak uzteko eskatu diete, freskatze lanak egiteko. 

Kiskalitako esparrua goizean neurtuko dute. Aurreikuspenen arabera, baina, Vedado de Eguaras eremuko zati handi bat erre da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Tutera Suteak Gizartea Eguneko albisteak Tafalla Albisteak Nafarroako Gobernua Azkoien Ingurumena Suhiltzaileak