Gizartea -

Segurtasun neurriak

Botiloiz eta istiluz jositako gaua Bizkaian eta Gipuzkoan

Poliziak hainbat botiloi desegin ditu Plentzia, Elorrio, Zumaia, Sopela, Irun, Mutriku eta Urretxun. Azken udalerri honetan, Villabonan eta Donostian pertsona bana atxilotu du Ertzaintzak.

Donostia, gauez. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Donostia, gauez
Hiru gazte atxilotu dituzte Donostia, Villabona eta Urretxun, desordena publikoengatik

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat tokitan izandako botiloi, festa eta istiluen berri eman du gaur. Mutriku, Plentzia, Elorrio, Zumaia, Sopela, Irun, Mutriku eta Urretxun botiloiak egon dira goizaldean. Gainera, hiru pertsona atxilotu dituzte, desordena publikoarengatik, Donostian, Villabonan eta Urretxun.

Plentzian, mila lagun inguruko botiloia egon da hondartzan, Radio Euskadik aurreratu duenez. Gainera, bi gazte Urdulizeko Ospitalera eraman behar izan dituzte, borroka baten ondorioz. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, bi gazteak borroka gelditzen saiatu dira eta larri zauritu dituzte.

Ildo horretatik, datozen egunetan "neurri zorrotzagoak" ezartzen saiatuko direla ohartarazi du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak, herrian botiloiak saihesteko asmoz.

"Espazio irekietan mugak jartzea ez da erraza, baina Ertzaintzarekin eta inguruko herriekin beste neurri batzuk aztertu beharko ditugu, portaera horiek bizitza arduratsua egiten duten herritarrei kalte egiten dietelako", azpimarratu du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan salatu duenez, hiri-altzarien kalteak "etengabeak" dira horrelako jende topaketak gertatzen direnean.

Mutrikun, Ertzaintzak 22 lagun identifikatu ditu landetxe bateko festa batean, osasun neurriak urratzeagatik. Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak dei bat jaso zuen bart, zarata handia entzuten zelako.

Elorrio, Zumaia, Sopela eta Iruneko kale edanak aparteko zailtasunik gabe desegin dira, Ertzaintzak azaldu duenez.

Gaua, baina, nahasiagoa izan da Donostian, Villabonan eta Urretxun. Izan ere, agenteek pertsona bana identifikatu dute hiru udalerrietan.

Segurtasun Sailak argitaratu duenaren arabera, goizaldean, hainbat pertsonak botilak eta beste objektu batzuk jaurti dizkie ertzainei, Donostiako Alde Zaharrean. Gainera, kontainer irauli dituzte. Poliziak 25 urteko gizon bat atxilotu du, desordena publikoak egotzita.

Antzeko egoera bizi izan da Villabonan. Goizaldeko ordu biak aldera, Errebote Plazan eta Kale Nagusian zeuden gazte batzuek objektuak jaurti dizkio Ertzaintzari, eta kontainerrak lekuz aldatu dituzte herriko hainbat tokitan. Jaurlaritzaren iturrien arabera, hainbat kontainer erre dituzte istiluetan inplikatutako gazteek. Hala, suhiltzaileak bertaratu eta sua itzaltzea lortu dute. 20 urteko gazte bat atxilotu dute agenteek. Gainera, bi ertzain zauritu dira eta osasun arreta behar izan dute.

Azkenik, Urretxuko Santa Barbara inguruan, hainbat pertsona bildu dira botiloi batean. Ertzainak agertu direnean, sakabanatzeko eskatu diete baina ez dute jaramonik egin eta botilak jaurti dizkiete. Bertan, 26 urteko gizona atxilotu dute, agintaritzaren aurkako atentatuagatik.

Ertzaintzaren sindikatuek erasoak salatu dituzte

ErNE sindikatuak ostegunean Arrigorriagako (Bizkaia) 'ez-jaietan' udaltzainek jasandako "eraso basatia" salatu du; izan ere, agente bat zauritu zuten eta beste bosti lesioak eragin zizkieten. Sindikatuak azaldu duenez, edalontziak, botilak eta harriak jaurti zizkieten botiloi bat sakabanatzen ari zirenean. Hori dela eta, bi pertsona identifikatu eta ikertu dituzte, agintaritzaren agenteen aurkako atentatu-delitu baten ustezko egileak direlakoan.

Esan sindikatuak, bere aldetik, "egunez egun" pairatzen dituzten oldarraldiak salatu ditu. Sindikatuko ordezkariek adierazi dute pandemia garaian pilaketak ekiditeko lanean aritu diren udaltzainen eta ertzainen kontrako erasoak "onartezinak" direla.

Sutea Bilbon

Bestetik, bi kontainerrek su hartu dute Bilbon eta suteak inguruan zeuden bost auto kaltetu ditu.

Segurtasun Sailak argitaratu duenez, goizaldeko 02:00ak aldera jazo da sutea, Marcelino Oreja kalean. Suhiltzaileek garrak itzali dituzte eta Polizia gertatutakoa ikertzen ari da.

Hiru edukiontzik su hartu dute Bilboko Marcelino Oreja kalean
Hiru edukiontzik su hartu dute Bilboko Marcelino Oreja kalean
Hiru edukiontzik su hartu dute Bilboko Marcelino Oreja kalean

0:42
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Herriak eta Hiriak Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Plentzia Albisteak Urduliz Koronabirusa Deseskalatzea Gazteak