Gizartea -

Elkarrizketa

Amaia Mayor, SATSE sindikatua: "Lankide batzuek negarrez deitzen dute"

SATSE erizainen sindikatuko bozeramaileak ohartarazi du arakatzaileek sekulako ahalegin pertsonala egiten dutela eta frustrazio handia sentitzen dutela. Farmazietan testak saltzearekin anbulatoriora egindako bisitak areagotzen ari dela ohartarazi du.

Amaia Mayor
Amaia Mayor
Amaia Mayor

N.D. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaia Mayor SATSE sindikatu bozeramaileak Radio Euskadiko Boulevard Informativo irratsaioan ohartarazi duenez, "aste honetan bertan positibo baten harremanei deitzeko 4 edo 5 egun behar izan dituzte aztarnariek". Mahai gainean datu zehatzik ez duela onartu du, baina, hala ere, zenbakiak eman ditu.

 Mayorren hitzetan, "positibo batek 10-40 harreman ditu, 10.000 dei dira egun bakarrean". "Nola ez dira egongo ba atzerapenak, orduek ez dute gehiagorako ematen", azpimarratu du.

"Lankideek frustrazio oso handia dute, eta biztanleriaren zati batekin nahiko haserre daude, pandemian gaudela ez dutelako ulertzen", adierazi du sindikatuko bozeramaileak. "Txandak bikoizten ari dira, langileak falta direlako", salatu du.

"Osasun fisiko, mental eta bizitza pertsonalaren kaltetan, esfortzu ikaragarria egiten ari dira", nabarmendu du. "Urte osoan ez gara hitz egiteko eseri", deitoratu duenez, "arazoa ez da kontratazioa, erizainak falta dira, eta arazoa areagotuko da, asko erretiroa hartzen ari direlako". "Langabezian ez dago erizain bakar bat ere", adibide bezala jarri du, eta "atzerritik ekartzen ari gara".

"Osasun sistema osoa gainkargatzen da", ohartarazi du. Zentzu horretan, probak farmazietan saltzeko erabakia "anbulatorioetan bisitak" areagotzen ari dela erantsi du. Gainera, "ez zaigu pandemia kudeatzeko neurri egokia iruditzen, erraza ez den proba bat herritarren esku uzten ari direlako", esan du. "Arakatze, positiboen gorakada eta proben ondorioz anbulatorioak gainezka daude, eta lankideek negarrez deitzen digute", gaineratu du.

Azkenik, erizaintza sindikatuko bozeramaileak "arazoak saihesteko emakume haurdunei txertoa jartzeko", eskatu die. Era berean, "prebentzio neurriak mantentzea" eta "harreman sozialak lehenbailehen mugatzea", exijitu die herritarrei. "Bosgarren olatua oso gogorra izaten ari da", azpimarratu duenez. "Txertaketa hain aurreratua izanda, egoera honetan aurkitzea inork gutxik espero zuen", onartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak Erizaintza Koronabirusa