Gizartea -

Bizkaian

Lau pertsona atxilotu eta 22 kilo heroina atzeman ditu Ertzaintzak, nazioarteko droga trafikoarekin lotuta

Bilbon kokatuta zegoen droga sare horrek, konexioak zituen Frantzian gutxienez. Droga-trafikoaren aurkako polizia-operazio horretan 22 kilo heroina eta 10.000 euro inguru konfiskatu dituzte.

Ertzaintzak konfiskatutako droga.
Ertzaintzak konfiskatutako droga
Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu Bizkaian, droga-trafikoaren aurkako polizia-operazio batean

0:54

N. B. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu azken orduetan Bizkaian, nazioartean substantzia estupefazienteen trafikoan aritzen zen gaizkile-talde bateko kide izatea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Frantziako polizia judizialarekin batera azken hilabeteotan daramaten ikerketaren ondorioz, gaizkile-talde horretako arduraduntzat jotzen diren 50 eta 48 urteko bi gizon atxilotu zituzten atzo, ostirala, eta epailearen esku utziko dituzte larunbat honetan, Auzitegi Nazionalean. Atzo epailearen esku jarri zituzten sare kriminal bereko beste bi pertsona.

Droga-trafikoaren aurkako polizia-operazio horretan 22 kilo heroina eta 10.000 euro inguru konfiskatu dituzte.

Ertzaintzak urte hasieran jarri zuen martxan gaizkile-talde hori desegitea ahalbidetu duen polizia-operatiboa, mota horretako delituak egiten ari ziren bi gizon identifikatu ondoren. 

Une horretatik aurrera, susmagarrien inguruan zaintza eta kontrol-dispositibo bat ezarri zuten, eta, horri esker, pertsona horiek droga-trafikoan aritzen zen nazioarteko sare bateko kide izan zitezkeela jakin zuten. Bilbon kokatuta zegoen droga sare horrek, konexioak zituen Frantzian gutxienez.

Izan ere, Baionako Auzitegi Judizialak ikerketapean zeuden pertsona horien aurkako nazioarteko Europako Ikerketa Agindua eman zuen martxoan. Itxuraz bi susmagarri horiek lotuta egon zitezkeen 2021eko urtarrilean droga-trafikoaren aurka egindako operazio batekin. Frantziako Polizia Judizialaren Zuzendaritza Nagusiak (OFAST) egindako operazio horren barruan, nazioarteko erakunde kriminal bateko Frantziako azpiegituraren parte atxilotu zuten. 

Bi susmagarriak nazioarteko sare horretan inplikatuta egon zitezkeela egiaztatu zenez gero, Ertzaintzak ikerketekin jarraitu zuen Frantziako Poliziarekin lankidetzan, eta azken asteotan egindako ikerketen ondorioz, bi gizonak atxilotu zituzten atzo (ostirala).

Horrez gain, operazio horren baitan, bi atxilotuak maiz joaten ziren ostalaritza-establezimendu bat miatu zuten atzo. Bertan, beste bi pertsona atxilotu zituzten, bilgarrietan saltzeko prest zituzten substantzia estupefaziente ugari aurkitu baitzituzten.

Azken horiek epailearen esku utzi zituzten atzo, polizia-dependentzietan beharrezko izapideak egin ondoren, eta sareko bi arduradunak, berriz gaur, larunbata, eramango dituzte Auzitegi Nazionaleko agintari judizialen aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gaurko albisteak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Drogak albisteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea