Gizartea -

Ana Matoren agerraldia

Indarkeria matxistari aurre egiteko banakako plana egingo du Gobernuak

Bestalde, Ana Matok ez du aipatu ere egin Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak iragarri zuen abortuaren legearen gaineko erreforma.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua indarkeria matxistari aurre egiteko banan-banako plana prestatzen ari da. Ana Mato Osasun, Gizarte-zerbitzu eta Berdintasun ministroak zehaztu duenez, plan horrek emakumeak nahiz haien seme-alabak babestea izango du helburutzat. Ana Matok agerraldia egin du Osasun eta Gizarte Batzordearen aurrean berak zuzentzen duen Ministerioak legealdi berrian aurrera eramango dituen egitasmoen ildo nagusiak azaltzeko.

2012ko lehen hiruhilekoan gizarte eta osasun arloan hitzarmen bat lortzeko asmoa agertu du. "Adostasunera heltzea izango nire lehentasuna, eta horretarako esfortzua, leialtasuna eta guztion arteko elkarlana ezinbestekoak izango dira", nabarmendu du.

Indarkeria matxistaren harira, Gobernuak biktimengandik hurbilago egon nahi duela adierazi du, arazoari eraginkortasunez eta koordinazioarekin aurre egiteko eta sentsibilizazioa eta prebentzioa bultzatzeko.

Datorren otsailaren 9an gainerako talde parlamentarioetako diputatuekin gai honetaz hitz egingo duela iragarri du.

Abortuaren legea

Bestalde, Ana Matok ez du aipatu ere egin Espainiako Gobernuak iragarri zuen abortuaren legearen gaineko erreforma.

Osasun Batzordearen aurrean egin duen agerraldian, 65 orrialdetan bilduta zituen egitasmoak azaldu ditu, baina tartean ez da abortuaren legearen erreforma agertzen. Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak jakinarazi zuen Gobernu berriak abortuaren legea erreformatzeko asmoa zuela eta, besteak beste, 16 eta 17 urteko nerabeek haurdunaldia eten ahal izateko aitaren oniritzia ere izatea exijituko zutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea