Gizartea -
Tratu txarrak animaliei
Gizon bat ikertu dute Lizarrako merindadean loro bati tiro egiteagatik
Animalia larri zauritu zuten, eta hiru egunez egon behar izan zen ospitaleratuta albaitariarenean.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Guardia Zibilak agintaritza judizialaren esku utzi du 49 urteko gizonezko bat, animalien aurkako tratu txarren delitu bat egin duelakoan, Lizarrako merindadeko bizilagun baten balkoian kaiola batean zegoen loro bati aire konprimituzko arma batez tiro egin eta hegaztia larri zauritu eta gero.
Bizilagunak salaketa jarri zuen Lizarrako Guardia Zibilaren polizia etxean, eta azaldu zuen loroa odola zeriola aurkitu zuela, paparrean zauri bat zuela eta.
Animalia zauritua buru horiko loro (Amazona Oratrix) eme bat da, eta hiru egunez izan zuten ospitaleratuta Zaragozan, animalia exotikoetan aditua den albaitaritza klinika batean.
Guardia Zibileko agenteek zauriak aire konprimituko arma batez egindakoak zirela egiaztatu, eta, kolpearen sakonerari eta kalibreari begira, tiroa gertutik eginda zegoela ondorioztatu zuten. Jaurtigaien jatorriari begiratuta, gainera, zehaztu zuten tiroak salaketa jarri zuen gizonaren etxetik gertu zegoen beste etxebizitza batetik egindakoak zirela.
Tiroak egin zituen pertsona, 49 urteko gizonezko bat, aurkitu zuten orduan, berak hori egin izana aitortu zuen eta Agintaritza Judizialaren esku utzi zuten.
Animalia osatzen ari da oraindik, baina arriskutik kanpo dago.