Gizartea -

Koronabirusa

Positiboek behera egin dute Nafarroan, baina heriotzek eta ospitaleratzeek gora

Azken orduetan beste pertsona bat hil da covid-19ak jota. Horrez gain, 16 lagun erietxeratu behar izan dituzte. 21 gaixo daude larri ZIUetan.

Osasun langile bat, proba diagnostiko bat egiten. Argazkia: EFE
Osasun langile bat, proba diagnostiko bat egiten.
Osasun langile bat, proba diagnostiko bat egiten. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroak 271 kutsatze berri atzeman ditu 2.262 proba diagnostiko eginda (positibotasun tasa % 12an dago), Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Horrez gain, pertsona bat hil da koronabirusaren eraginez.

Bezperan baino 10 gutxiago dira. Beherakada nabarmenagoa da duela astebeteko datuekin alderatuta (838 kasu izan ziren orduko hartan), eta are handiagoa duela 14 eguneko datuekin erkatuta (447).

Tutera da, bigarren egunez, kasu gehien pilatu dituen udalerria: 27. San Adrianen 18 kutsatze zenbatu dituzte, eta Iruñeko Arrosadia auzoan, 11.

Atzo hildakoa ere zenbatuta, 1.204 dira pandemia hasi zenetik covid-19agatik zendutakoak.

Nafarroako erietxeetan 101 gaixo daude gela arruntetan (bezperan baino bost gehiago, 16 ospitaleratze izan baitira). Gainera, 21 eri daude larri ZIUetan (asteazkenean 22 ziren). 

Bestalde, txertaketa kanpainari dagokionez, 5.060 dosi jarri dituzte ostegun honetan. 412.448 nafarrek, biztanleriaren %70ek baino gehiagok, immunizazio osoa dute birusaren aurka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa