Gizartea -
Hotzaldi siberiarra
Euskal Herria, zurituta
Hiriburu guztietan egin du elurra, batik bat Gasteizen.
Erredakzioa
Ostegun honetan, lurralde osoan egin du aldizka elurra, batik bat Gasteizen, baina Bilbon, Donostian, Iruñean eta Hendaian ere bai.
Elurte handienak Gasteizen izan dira, eta arazo ugari sortu dituzte. Javier Maroto Gasteizko alkatearen hitzetan, garbiketa zerbitzuak "ahalik eta aurreikuspen handienarekin" aritu dira lanean elurtearen aurrean hiria ondo egon zedin; hala ere, egoera "zaila" izan dela jakinarazi du eta izotzaren eraginez okerrera egingo duela iragarri du. Gasteizko alkatea hedabideen aurrean agertu da, Salburuan, goizetik jotzen ari den hotz denboralearen eragina gehien jasan duen auzoan, izan ostean. Arratsaldeko lehen orduan, tenperaturak 2 gradu zeroz azpitik zeuden, eta elur-geruza 5-6 zentimetrokoa zen. Udaletik etxean gelditzeko gomendioa egin dute.
Donostian ere elurra gatzatu egin da. Dena zuri egon da, baina errepideak garbi. 13:00etan, -1 ºC egin du, eta Berastegin 5 gradu zeropera jaitsi dira tenperaturak. Mondragon Unibertsitateak bertan behera utzi ditu klaseak Arrasaten, Oñatin eta Eskoriatzan, eta ondorioz, 2.000 ikasle eskola barik geratu dira. Gainera, Gipuzkoako Aldundiak asteburuko eskola-kirol ekitaldiak bertan behera uztea gomendatu du.
Bilbon aldizka egin du elurra egiten, baina ez da gatzatu. Errepideetan ez edgon aparteko arazorik.
Iruñean elurte handiak izan dira goizean, baina okerrena arratsaldean iritsi da. Tenperaturak zeroz azpitik 2 graduraino jaitsi dira, baina, haizearen ondorioz, hotz-sentsazioa -7 ºC-koa izan da.
Baionan elurte txikiak izan dira, eta termometroak zeroz azpitik izan dira goiz osoan.
Twitterreko erabiltzaileek @eitbcomBerriak eta @eitbcomNoticias profilen bitartez jakinarazi digutenez, besteak beste herri hauetan ere egin du elurra: Arrigorriaga, Leioa, Galdakao, Portugalete, Basauri, Busturia eta Arkotxa Bizkaian; Andoain eta Zarautz Gipuzkoan eta Laguardia Araban.150 pertsona hil dira Ekialdeko Europan
150 pertsona hil dira Ekialdeko Europan, batez ere Ukrainan, hotz denboralearen ondorioz, hainbat herritako agintariek ostegun honetan emandako informazioen arabera. Ukrainan 20 pertsona gehiago hil dira, eta 63raino heldu da heriotza kopurua. Polonian, 29 pertsona hil dira; bederatzi, azken orduetan. Polonian termometroek 30 gradu jaso dituzte zero azpitik. Hala ere, tenperaturarik hotzenak Errusian eta Kazakhstanen jaso dituzte, BBC Erresuma Batuko telebista katearen arabera. Uraletan eta Siberian tenperatura 40 gradu zero azpira heldu da, eta Kazakhstango hiriburuan, Astanan, haizeak 52 gradu zero azpiko sentsazio termikoa eragin du, baina termometroek 35 gradu zero azpitik baino ez dute jaso.