Gizartea -

Lapurreta

Bilboko Irria jardunaldietarako materialaren parte bat lapurtu dietela salatu dute Konpartsek

Inbentario bat egin dutenean ohartu dira konpartsak abuztuaren 25a eta 29a bitartean egin nahi duten kultur-programazio berezirako kontzertu, tailer gastronomiko eta kroserako hainbat elementu falta direla.

Bilboko Konpartsek 2020an antolatutako bazkari bat. Foto: @konpartsak
Bilboko Konpartsek 2020an antolatutako bazkari bat. Foto: @konpartsak
Bilboko Konpartsek 2020an antolatutako bazkari bat. Foto: @konpartsak

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Konpartsen Federazioak salatu dutenez, abuztuaren 25a eta 29a bitartean egin nahi dituzten Bilboko Irria kultur-jardunaldietarako beharrezkoa den materialaren zati bat desagertu da.

Ohar baten bidez jakitera eman dutenez, materiala gordetzen duten lokalean inbentario bat egin dute duela gutxi, eta, besteak beste, kontzertuak, tailer gastronomikoak, krosa eta Bilboko gizarte eragileen merkatua egiteko eta antolatzeko "beharrezko elementuak" falta direla egiaztatu dute.

Mari Paati Bilbao konpartsakideak azaldu duenez, "balio handiko kontuak" lapurtu dizkiete. Hala ere, aurreratu dute kalterik gabe topatu dituztela "Bilboko irribarrerik politena" erakusten duten Bilboko Irriaren panelak eta beste jarduera asko egiteko baliabideak, aparte gordeta baitzituzten.

"Itxura denez, lapurrek irria zuten helburu, Bilboko Irria ebastea. Baiezta dezakegu, ordea, irri-lapur horiek ez dutela lortu gure irria eramatea, ondo gordeta baitugu, bilbotar denei eskaintzeko prest", gaineratu dute.

Bilboko Konpartsek prentsaurrekoa eskainiko dute abuztuaren 20an, lapurretaren inguruan duten informazio guztia emateko, eta horrek programazioan izango duen eragina azaltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertuak Bilboko Aste Nagusia Bilbo Bizkaia Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Lapurretak