Gizartea -
Migrazioaren drama
Bidasoan hildako gaztearen osaba: "Abdoulayeren heriotza azkena izan behar da"
Mohamed Euskal Herrian dago. Goizean goiz, Donostian, ilobaren gorpua identifikatu du, eta ondoren, Bidasoa ibaira gerturatu da. Lore sorta utzi du bertan, eta Abdoulayeren omenez, otoitz egin du.
Eriz Lotina | EiTB Media
Pasa den igandean, Bidasoa ibaia gurutzatzen, itota hil zen Abdoulaye Koulibaly gaztearen osaba, Mohamed, Euskal Herrian dago. Goizean goiz, Donostian, ilobaren gorpua identifikatu du, eta ondoren, Bidasoa ibaira gerturatu da. Lore sorta utzi du bertan, eta Abdoulayeren omenez, otoitz egin du. "Oso mingarria izan da, baina gorpua ikusi ondoren zertxobait lasaiago nago", aitortu du.
Ibai ertzean, esku eta aurpegiak garbitu ditu, isiltasun osoan otoitz egin du, eta azkenik, lore sorta utzi du ilobaren gorpua agertu zen lekuan.
Kazetarien aurrean, bere "samina" agertu du, eta honako desira azaldu du: "Abdoulayeren heriotza azkenekoa izatea". Horregatik, ibairik ez gurutzatzea eskatu die beste etorkinei.
"Jendeak hemendik pasa nahi izatea ulertu dezaket, baina lau hilabete itxaron behar badira ere, hobe da hori bizitza arriskuan jartzea baino", aldarrikatu du.
Frantziara iristea omen zen Abdoulayeren "ilusiorik handiena", eta hara non, Frantziatik oso gertu hil da. "Patua izan omen da", adierazi du.
"Benetan nahi zuen Frantziara etorri, estutasun asko pasa zituen, Marokon batez ere, eta dagoeneko osabarengandik oso gertu zegoela hil zen", adierazi du hunkituta.
Orain, ilobaren gorpua aberriratzea da bere helburu bakarra, eta horretarako, guztion laguntza eskatu du. Laguntza eskertuz, gorpua aberriratu ondoren, itzuliko da Frantziara. Nantesen bizi da osaba, ilobak zuen helmuga bera.
Ez du nahi beste familia batek horrelakorik sufritzea, eta eskerrak eman dizkie komunikabideei, mezu hori zabaltzen laguntzeagatik.