Gizartea -

Lehen sei hilabeteak

Zeuk Esanek 1.207 kontsulta jaso zituen lehen seihilekoan, aurreko urtean baino ia % 42 gehiago

Haur eta nerabeentzako Eusko Jaurlaritzaren arreta telefonoak 648 dei jaso ditu, iazko epe berean baino % 15 gehiago.

Zeuk Esan telefonoa. Argazkia: Irekia.
Zeuk Esan telefonoa
Zeuk Esan telefonoa. Argazkia: Irekia.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Haur eta Nerabeentzako arreta telefonoak, Zeuk Esanek, 1.207 kontsultari erantzun die 2021eko lehen seihilekoan; 2020ko aldi berean jasotako 851ek baino% 41,8 gehiago.

Horrela, urteko lehen seihilekoan, Zeuk Esan 166 111 zenbakiak 2013, 2014, 2015 eta 2017ko urteetan baino kontsulta gehiago jaso zituen.

Gainera, 648 dei jaso ditu –dei bakoitzak hainbat kontsulta izan ditzake–, hau da, iazkoarekin (561 dei) alderatuta % 15eko hazkundea izan du, Agintzarik kudeatutako zerbitzuaren balantzearen arabera. "Gure balorazioa guztiz positiboa da", adierazi du Irune Muguruzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Familia eta Haurren zuzendariak.

"Gure ustez, bata bestearen atzetik egindako komunikazio kanpainek eta ETBren Go!Azenekin egindako lankidetzak lagundu dute zerbitzua ezagutzera ematen. Eta hori guztia lagungarria da haurren eta nerabeen ongizatearekiko herritarren sentsibilizazioa areagotzeko", esan du Muguruzak.

Zeuk Esan zerbitzuaren 116 111 telefonoa doakoa eta erabat anonimoa da, eta, gainera, webgune bat, sare sozialak, bideo-kanala eta identifikaziorik eskatzen ez duen kontsulta-postontzia ditu. Zerbitzua bideratu da kontsultak ez egitea eragin lezaketen oztopoak saihesteko.

Agintzaritik azaltzen dutenez, "pandemia-egoerak gizarteko, familietako eta berdinen arteko harremanei eragiten die", eta horrek, aldi berean, "dei gehiago egitea dakar, ezinegon psikologikoak eta harremanetan sortutako arazoek bultzatuta".

Bestalde, "haurrek eta gazteek, eskolara itzultzean, orain arte inoiz izan ez den egoera berri bati egin behar izan diote aurre", nabarmentzen dute.

Kontsultak bakardade eta tristura sentimenduei buruzkoak izaten dira, eta nerabezaroko etapa batzuetan ohikoak izan arren, "orain lehen baino maizago agertzen ari dira", adierazi dute.

Zeuk Esan zerbitzuak pandemiarekin zerikusia duten kontsultetarako atal berezi bat gaitu zuen bere webgunean orain dela hilabete batzuk; izan ere, covid-19ak goitik behera aldatu du familien eta haurren eta nerabeen eguneroko jarduna. Atal horren helburua da informazio eta bitarteko baliagarriak ematea haurrak eta nerabeak dituzten familiei.

Kontsulta-motak

Zerbitzu honetara jo dezakete bai adingabeek bai euren kargura adingabeak dituzten pertsona helduek. 2021eko lehenengo seihilekoan adingabeek egindako 597 kontsultetan nabarmentzekoak dira ezinegon psikologikoarekin zerikusia dutenak, 186 (% 31,1); familia-harremanekin lotutakoak, 143 (% 23,9); berdinen arteko jazarpenari buruzkoak, 89 (% 14,9); eta berdinen arteko harremanekin zerikusia duten hainbat gairi buruzkoak, 82 (% 13,7). Bestalde, afektibitatearekin eta sexualitatearekin lotutako 58 kontsulta egin dituzte (% 10).

Beste aldetik, euren kargura adingabeak dituzten pertsona helduek egindako 604 kontsulten artean nabarmentzekoak dira berdinen arteko jazarpenarekin zerikusia dutenak, 221 (% 36,5); ezinegon psikologikoarekin lotutakoak, 133 (% 22); eta familia-harremanei buruzkoak, 84 (% 13,9). Haurren babesik eza ez da adierazgarria adingabeentzat, baina pertsona helduek egindako 51 kontsultaren gaia izan da (% 8,4).

Alde horretatik, Agintzariko profesionalek azaltzen dutenez, "zifretan joera berri bat hauteman da: adingabeek familia-harremanei, ezinegon psikologikoari eta berdinen arteko harremanei buruz egindako deietan izandako igoera. Gai horiek lehen ere kontsulta gehien sortzen zutenak ziren, eta orain deietan igoerarik handiena izan dutenak dira. Ikasturte amaiera oso gogorra izan da; urte osoan emozioei eusteko ahalegin handia egin da, eta bukaeran askatu egin dira".

Bestalde, pertsona helduen kezka nagusiek berdinen arteko jazarpenarekin dute zerikusia. Alde horretatik, Agintzaritik azaldu dute pandemiak "zenbaitetan", agian, jazarpena beste foro batzuetara desbideratu duela, hala nola, sare sozialetara eta WhatsAppera. "Ikastetxera itzultzean", adierazi dute, "berriz agertzen da jazarpena; izan ere, ezeztatzeko lan egiten ez bada, hor jarraitzen du. Eta, dirudienez, berdinen arteko indarkeria horrek ikastetxeko mugak gainditzen ditu eta kalean bistaratzen da".

Lurraldez lurralde eta hilabetez hilabete

Lurraldeen arabera sailkatuta, Bizkaiak Euskadiko biztanleriaren erdia baino gehiago du (% 52,25), eta bertatik 276 dei (% 42,6) egin ziren; Gipuzkoak biztanleriaren % 32,7 du, eta bertatik 196 dei (% 30,2) egin ziren; Arabak biztanleriaren % 15 du eta bertatik 99 dei (% 15,2) egin ziren. Egindako 77 deitan ez zen lurraldea adierazi.

Denbora-banaketak ez du alde nabarmenik aditzera ematen hilabetez hilabete. Horrela, hilero ehun bat pertsona jarri ziren zerbitzuarekin harremanetan, etahilabetean batez beste 200 kontsultari erantzun zitzaien. Alde horretatik, martxoa izan zen eskaerarik handiena izan zuen hilabetea: 118 dei eta 230 kontsulta.

Adingabeen kasuan kontsultek gora egiten dute adinak gora egin ahala. 12 urtetik beherako 20 pertsonak bakarrik deitu zuten 2021eko lehenengo seihilabeteetan. 12-15 adin-tartean, aldiz, 121 dei egin zituzten eta 16-18 adin tartean 178. Genero-identitatearen araberako segmentazioaren arabera, 167 emakume gisa identifikatu ziren eta 155 gizonezko gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Koronabirusa