Gizartea -

Genero indarkeria

Gizon bat atxilotu dute Bilbon, 8 urtez emaztea erasotzea egotzita

Atxiloketa iragan den ostiraleko 18:00 aldera gertatu zen, Udaltzainen patruila batek A.F. inizialak dituen gizon bat atxilotu zuenean, Iturribide kalean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azkenengo zortzi urteetan zehar tratu txarrak jasan dituela aitortu duen emakume bati esker, Bilboko Polizia Munizipalak gizon bat atxilotu zuen pasa den ostiralean. Poliziaren arabera, tratu txar horiek haurdun zegoen garaian ere sufritu zituela ohartarazi zuen emakumeak.

Atxiloketa pasa den ostiralean gertatu zen, 18:00ak aldera, Udaltzainen patruila batek A.F. inizialak dituen gizon bat atxilotu zuenean, Iturribide kalean. Tratu txarrak jasan omen dituen 26 urteko emakumeak azaldu zuenez, eraso psikologiko zein fisiko horiek ezkonduz geroztik hasi ziren, orain dela zortzi urte. Kolpeak haurdun zegoen garaian ere gertatu zirela aitortu zuen, eta kasu askotan seme-alaben aurrean. 2006an salaketa jarri zuen Bilboko Udaltzainen aurrean, baina jasotako heriotz-mehatxuek salaketa kentzera behartu zuten.

Polizia-agenteei azaldu zienez, bere gizonak birritan mehatxatu zuen aiztoa eskuan zuela, eta beste hainbatetan kolpeak eman zizkion buruan bihurkinarekin, orbain bat eginez. Gainera, 2009an gizonaren jaioterrira joatean erasoak jasaten jarraitu zuela argitu zuen.

Hainbat lesio

Emakumearen kontakizunaren arabera, gizonaren jaioterrian egondako garai horretan senarrak orratz bat sartu zion izterrean, eta hori gutxi balitz, bortxatu egin zuela ere aitortu du. Horrez gain, bikotearen semeetako batek buruan jositako zauria zuela, beste batek harramazkada zein hozkadak zituela eta hirugarrenak hankak ubelduraz eta haginkadaz beteta zituela konturatu ziren agenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea