Gizartea -

Koronabirusa

LABIk astebetez luzatu ditu EAEn indarrean dauden murrizketak

Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren hitzetan, "zuhurrena" neurriak mantentzea da hilabete hasieratik atzemandako beheranzko joera finkatzeko.

Sagardui, agerraldiaren une batean. Argazkia: EITB Media
Sagardui, agerraldiaren une batean.
LABIk beste astebetez luzatu ditu indarrean dauden neurriak

1:00

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) astebetez luzatu ditu covid-19a gehiago ez hedatzeko indarrean dauden neurriak. Hala iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, LABIren batzorde teknikoak egindako bileraren ostean egindako agerraldian. 

Azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatuaren "bilakaera positiboa" nabarmendu du Osasun arloko arduradunak. Gaur-gaurkoz 100.000 biztanleko 507 kasutan dago. Pilatutako tasak 18 egun daramatza jaisten, baina "altua" izaten jarraitzen du. Horrez gain, ospitaleetako egoera kezkagarria da oraindik, eta, hala, batzorde teknikoak uste du "zuhurrena" neurriak mantentzea da, abuztu hasieratik atzemandako beheranzko joera finka dadin.

Sagarduik iragarri duenez, batzorde teknikoa gaur zortzi bilduko da, hilaren 26an.

Indarrean dauden neurriak

Horrela, ostalaritzak 01:00ean itxi beharko ditu ateak, eta lokal eta instalazio guztietarako baimendutako gehieneko edukiera % 35ean mantenduko da. Halaber, gizarte, kultura edo kirol ekitaldietako gehieneko pertsona-kopuruak honakoa izaten jarraituko du 1.600 pertsona hartzeko edukiera duten esparruetan: 400 gehienez barrualdean, eta 600, kanpoaldean.

1.600 eta 5.000 bitarteko esparruetan, aldiz, 600 gehienez barrualdean, eta 800, kanpoaldean. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, % 20ko edukiera izango da gehienez.

Txertoa hartzeko deia, beste behin

Osasun sailburuak gaurko agerraldia baliatu du koronabirusaren aurkako immunizazioa oraindik jaso ez duten horiei zuzentzeko, bereziki birusa igaro duten horiei. Izan ere, gaixotasuna pasatu eta bi hilabetera eman ahalko zaie txertoa herritar horiei. Horren ildoan, jakinarazi du Osakidetzak 40.000 SMS mezu bidali dituela duten aukeraren berri emateko.

Horrez gain, argitu du ZIUetan dauden 75 pertsonetatik 49 txertatu gabe zeudela. Horrek agerian uzten du, Sagarduiren esanetan, inokulazioak ondorio larriak ez izateko duen ahalmena. Era berean, pauta osoa jasota zutenen artean kutsatu direnak % 0,50 dira.

"Ez dago jairik"

Koronabirusa dela medio, Donostiako eta Bilboko jaiak bertan behera geratzearen harira, Sagardui irmo mintzatu da: "Ez dago jairik, ez Bilbon, ez Donostian, ez beste inon. Pandemian gaude. Ez-jaiak ez-jaiak dira; erantzukizun kolektibo eta indibidualez jokatu behar dugu".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa LABI