Gizartea -

KORONABIRUSA

35 pertsona hil dira azken astean Euskadin covid-19aren ondorioz, aurrekoan baino bi aldiz gehiago

748 positibo berri detektatu dituzte, eta paziente kritikoen kopuruak gorantz jarraitzen du.

Hainbat pertsona Euskadin paseatzen.
Hainbat pertsona Euskadin paseatzen
EAEko ZIUetan ospitaleratutako hamarretik seik ez dute txertorik hartu

1:21

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Birusak gora egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 748 positibo berri atzeman baitituzte astearte honetan, aurreko astean baino ehun bat gehiago, eta 35 pertsona hil dira azken astean, aurrekoan baino bi aldiz gehiago.

Atzo, 7.361 test diagnostiko egin zituzten, eta positiboen tasa % 10,2ra igo da. Bestalde, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak beheranzko joerari eutsi dio, 15,37 puntu jaitsi baita; beraz, 507,43 puntutan dago.

748 positibo berri horietatik, 152 Araban atzeman dituzte, 374 Bizkaian, 207 Gipuzkoan eta 15 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonen artean, Osasun Sailaren azken buletin epidemiologikoaren arabera.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 50 pertsona ospitaleratu zituzten covid-19aren ondorioz, astelehenean baino bat gehiago, baina gela arruntetan 256 gaixo daude, 27 gutxiago. Hala ere, zainketa intentsiboetako unitateetan 75 pertsona daude, egun bat lehenago baino bi gehiago.

ZIUetan dauden 75 pertsonetatik 49 txertatu gabe zeudela esan du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Horrek agerian uzten du, Sagarduiren esanetan, inokulazioak ondorio larriak ez izateko duen ahalmena. Era berean, pauta osoa jasota zutenen artean kutsatu direnak % 0,50 dira.

Bestalde, Osasun Sailak jakitera eman duenez, abuztuaren 9tik 15erako astean metatutako datuak aztertu ondoren, covid-19ak 35 heriotza eragin ditu, eta aurreko astean, berriz, 17.

LABIren batzorde teknikoaren bileraren ostean egindako agerraldian, Osasun sailburuak iragarri du Euskadik beste astebetez luzatuko dituela indarrean dauden murrizketak, abuztuaren hasieratik hautemandako beheranzko joera sendotzeko.

Sagarduik dei egin die oraindik txertoa hartu ez dutenei, izan ere, 80.000 hitzordu baino gehiago daude eskuragarri.

Hiru lurraldeetako intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du: Arabak 523 kasu ditu 100.000 biztanleko azken 14 egunetan; Bizkaiak, 530; eta Gipuzkoak, 421.

Udalerrien egoerari dagokionez, Lasarte-Oria, Durango eta Etxebarri eremu gorritik atera dira, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera.

Birusaren birsorkuntza indizea ehunen bat jaitsi da EAEn, 0,91ra arte. Lurraldez lurralde aztertuta, Arabak 1,07tik 1,03ra egin du gora; Bizkaiak 0,89tik 0,87ra; eta Gipuzkoak 0,90etik 0,91ra igo egin da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak