Gizartea -

JOSU ERKOREKA

"Euskadin agintaritzarekin izandako liskarrak ez dira beste leku batzuetatik bereizitako fenomenoa"

Josu Erkorekak bere kezka agertu du Donostian azkenaldian izan diren "lapurretekin": "Marra gorria gainditu dute". Segurtasun sailburuak baztertu egin du liskarrek arrazoi politikorik dutenik.

Josu Erkoreka
Josu Erkoreka
Josu Erkoreka

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Radio Euskadiko Boulevard saioan adierazi duenez, Donostian izandako istiluak ez dira ekintza koordinatuen ondorio, eta ez dira "beste leku batzuetatik bereizitako fenomenoa". Erkorekaren berbetan, asteburuko "harrapaketa ekintzek marra gorri bat gainditzen dute", baina baztertu egin du arrazoi politikoengatik eratorritakoak izan litezkeenik.

Ertzaintzak 40 pertsona atxilotu zituen joan den astean Donostian, istiluengatik, eta, identifikatutakoekin batera, 62-63 pertsona ikertzen ari dira Gipuzkoako hiriburuan bizi izandako indarkeria kasu horiek direla eta, zehaztu du sailburuak.

Larunbatean istiluen indarkeria areagotu zen, eta hainbat komertziotan lapurretak egin zituzten. Gertaera horiekin lotuta 10 pertsona atxilotu zituzten, eta, aste osoan, guztira, 40 dira atxilotutakoak; dagoeneko gehienak aske daude.

Erkorekak zehaztu duenez, atxilotuen % 60k delitu arruntekin lotutako aurrekariak dituzte, edo covid-19ari aurre egiteko segurtasun-arauen kontra egitearekin.

"Ez dago beste aurrekaririk. Ezin dugu esan gertakariok estrategia planifikatu baten edo beste asmo sozial edo politiko baten ondorio direnik. Nik ez nuke orain gertatzen ari dena kale borrokarekin lotuko", azpimarratu du.

Sailburuak gogoratu duenez, mota horretako istiluak izan dira Euskadin uda osoan: "Botiloia praktikatzen ari zen jendea edo alkohola maila onargarriaren gainetik kontsumitzen ari zena, eta agintaritzaren agenteei aurre egiten diena. Ez da Euskadin bakarrik gertatu den fenomenoa, Bartzelonan ere ikusi dugu ".

Ertzaintzaren Donostiako operatiboa nahikoa dela defendatu du sailburuak. "Egia da udan gaudela eta langileen ehuneko bat oporretan dagoela, baina hori ez da eragozpen nahikoa izan antolatzeko. Ez da erraza esatea indar gehiagorekin ekidin zitekeenik, salbu eta kaleak poliziez betetzen badituzu".

Oposizioak bitarteko gehiago eskatu dizkio Ertzaintzarako, eta, horri erantzunez, honako galderak egin ditu sailburuak, baita erantzun ere: "Zertaz ari dira? Tanketak sartuko ditugu? Proportzionaltasun-printzipioak gidatu behar du Ertzaintzaren jarduna".

Erkorekak gaineratu duenez, zaila da toki jakin baterako dispositiboak planifikatzea: "Donostian, astean zehar, istiluak Alde Zaharrean izan ziren, eta ostiralean tokiz eta moduan aldatu ziren". Hala ere, Ertzaintza "edozein gertakariri erantzuteko moduan" dagoela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza EAE Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak