Gizartea -
Hotzaldia Euskadin
Asteburua, 0 ºC azpitik
Tenperatura apur bat igoko da gaur eta elur-kotak apurka-apurka gora egingo du. Baina atertu eta ostarteak zabaltzearekin batera, hotza nagusituko da datozen egunetan.
Erredakzioa
Hotzaldiak eta elur-denboraleak hobera egingo dute zertxobait gaur, asteazkenean arazo ugari eragin ostean, batez ere, Araban.
Tenperatura apur bat igoko da gaur eta elur-kotak apurka-apurka gora egingo du, Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera.
Hala ere, gauera arte ez da 500-700 metroraino igoko. Arratsaldean atertu eta ostarteak zabalduko dira. Horrekin batera, izotza botako du. Herrizaingo Sailak bertan behera utzi du elurragatik ezarri zuen abisu horia, baina izozteengatik eta muturreko hotzagatik bere horretan jarraitzen du abisu horiak.
Euskalmeten arabera, datozen egunetan berdin jarraituko du Errusiako antizikloiak, eta Azores uharteetatik iritsiko den antizikloiarekin elkartuko da, haize hotz fluxu bat eraginez. Aire masa hotz hori lehorra izango da.
Hori dela eta, asteburuan tenperatura oso baxua izango da. Barnealdean maximoak ez dira 0 ºCtik pasako, eta kostan 2-3 ºCra iritsiko dira asko jota. Tenperatura minimoari dagokionez, -5 ºCra jaitsiko dira termometroak eta kostan -3 ºCra ekialdean eta -1 ºCra mendebaldean.
Hala eta guztiz ere, ez da prezipitaziorik espero, beraz, ez du elurrik egingo. Mendebaldean agian botako omen du elurra, baina oso gutxi.
Datorren astean
Datorren asteari begira, Euskalmetek ez du baztertzen itsasotik haize hotz polarra sartzea. Kasu horretan, hezea izango litzateke.
Hotz gutxiago ekarriko luke, baina hezetasun gehiago izango duenez, elurteak egon daitezke 300-400 metro inguruan eta baita itsas-mailan ere.