Gizartea -
etxeko indarkeria
36 urteko gizonezko bat atxilotu dute Donostian gurasoak erasotu eta mehatxatu ostean
Erasoaren ostean, atxilotuaren gurasoek etxetik alde egin eta Ertzaintzari jakinarazi diote semeak eraso egin diela, eta hainbat ehiza-eskopeta zituela. Gizona ospitalean dago, balorazio psikiatrikoaren zain.
Eitb Media
36 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak bart, etxeko indarkeriako ustezko delitu bat egotzita. Donostiako Martutene auzoko etxe berean bizi diren gurasoei eraso eta mehatxu egin izana leporatzen diote.
Asteartean, 18:00ak aldera, atxilotuaren gurasoek Ertzaintzari jakinarazi diote semeak aitari eraso egin diola eta ama mehatxatu; hori dela eta, gurasoek etxebizitza utzi behar izan dute. Semea barruan geratu da, ehizarako hainbat eskopeta zituela.
Horren aurrean, Donostiako Herritarren Babeserako, Berehalako Erantzuna emateko eta Esku-hartze Talde bat eta Ertzaintzaren negoziatzaile bat bertaratu dira.
Operatiboan zehar, aldameneko etxebizitzetako pertsonak atera behar izan dituzte, azkenean, 23:00ak aldera, gizona bere kabuz atera da etxebizitzatik. Une horretan, esku hartzeko agenteek indargabetu egin dute, eta armarik ez zuela egiaztatuta, atxilotu egin dute, gurasoen etxeko indarkeriako ustezko delitu batengatik.
Atxilotua Donostiako Ospitalera eraman dute anbulantzian, balorazio psikiatrikoa egin diezaioten.