Gizartea -
PEÑISCOLA
Emakume bat eta mutiko bat hil dira Peñiscolan eroritako eraikinean
Eraikina asteazken arratsaldean erori zen eta hiru pertsona harrapatu zituen azpian. Horietako bat bizirik erreskatatu dute bart gauean. Hiru biktimak familia bereko kideak ziren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Emakume bat eta adingabe bat hil dira Peñiscolan (Castello) asteazken arratsaldean erori zen eraikinak azpian harrapatuta. 14 urteko mutikoaren hilotza gaur goizeko lehen orduan topatu dute eta emakumearena arratsaldean.
Halaber, 26 urteko gazte bat bizirik erreskatatu dute bart. Ospitalean dago, zainketa intentsiboetako unitatean, baina arriskutik kanpo dago.
Hirurak familia bereko kideak ziren. Hildako emakumea bizirik atera den gaztearen ama zen, eta mutikoa bere bikotekidearen semea zen.
Asteazkeneko 19:30 aldera gertatu zen ezbeharra, Font Nova urbanizazioan, udalerriaren hegoaldean. Argitu gabeko arrazoiak direla medio, hogei apartamentu inguruko eraikin baten zati bat erori da; turismo-egoitza edo bigarren etxebizitza gisa erabiltzen dira eraikin horretako etxebizitzak.
Badaezpada, erori ez diren etxebizitzetako bizilagunak atera egin dituzte bertatik, 30 inguru; horietako batzuek senideen etxean pasatu dute gaua, eta gainerakoei udalerriko hoteletan eman die ostatu Udalak.