Gizartea -

MIGRAZIOA

Migratzaileen osasun-arreta hobetzeko kultura-bitartekariak eskatu dituzte

Migratzaileek osasun zerbitzuetara jotzean topatu ohi dituzte oztopoak salatu ditu EHUko ikerketa batek eta kultura-bitartekariak eta informazio eleaniztuna eskatu ditu, arreta egokia eskaintzeko.

Emakume migratzaileak Irunen. Argazkia: EFE
Emakume migratzaileak Irunen. Argazkia: EFE
Emakume migratzaileak Irunen. Argazkia: EFE

O.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Migratzaileek osasun zerbitzuetara jotzean izaten dituzten oztopoak salatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa batek eta bitartekari kulturalak eskatu ditu, bai eta osasun arreta hobea eta egokiagoa eskaini ahal izateko, informazioa hizkuntza anitzetan eskaintzea ere.

"Gure gizarteak osasun arreta pribilejio gisa ikusten du, baina, berez, oinarrizko eskubide bat da. Ikuspegi berri bat bultzatu behar da, bai gizartean, bai osasungintzako langileengan ere", azpimarratzen du Iratxe Perez Urdiales ikerketaren egileak. Erizaintzako irakaslea da Perez, Osasun Publikoan doktorea eta gizarte-antropologoa. 

Txostenak agerian uzten ditu egoera irregularrean dauden pertsona migratzaileek izaten dituzten zailtasunak Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zerbitzuetara jotzeko; zailtasun horien ondorioz, osasun kaxkarragoa edukitzeko arrisku handiagoa dute horiek.

Osasun zerbitzuetarako sarbiderako oztopoen atzean arrazoi desberdinak egon daitezke: jatorria, hizkuntza eta pertsona bakoitzaren kultura, esaterako, baina baita osasun sistemaren burokrazia eta egoera administratiboaren araberako betekizun legalak ere. Era berean, oztopo da "migratzaileei buruz gizarteak nahiz osasun zentroetako langileek duten ikuspegi pobre eta estereotipatua ere".

Ikerketak erakutsi du, egoera administratibo erregularrean daudenen artean, oztopo antzekoak dituztela gizonezko zein emakumeek. Hala ere, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek "zailtasun handiak" dituztela ikusi da eta "zerbitzuetara jotzeko edo osasun zentroetara joatea saihesten" dutela. Ikerketaren arabera, emakume migratzaileak sarriago bilatzen dute osasun arreta baina haietarako sarbidea oztopatzen dieten genero-faktoreei aurre egin behar izaten diete.

Ikertzaileak, bestalde, doako klinikek duten garrantzia azpimarratu du, Medicos del Mundo Euskadi GKEak duenaren gisakoak, osasun sistema publikotik kanpo gelditzen diren pertsonak artatzen dituzte bertan, askok beldurra baitute osasun-zentro publikoetara joateko.

Horregatik guztiagatik, azterketak ondorioztatzen duenez "osasun sistema inklusiboagoa lortzeko, beharrezkoa da osasun sistemarako legezko sarbidea, bai eta osasun langileen artean eskubideetan oinarritutako arreta sustatzea ere".

Egilearen arabera, pertsona horiei osasunerako legezko eskubidea bermatzeaz gain, beharrezkoa da kulturalki ere arreta egokia sustatzea, diskriminaziorik ezaren balioak indartzea eta migratzaileentzako informazio iturri eskuragarriagoak eta eleanitzak sortzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Migrazioa EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak