Gizartea -

Erasoa

Medikuek ziurtatu dute Zornotzan jipoitutako gazteak ezingo duela biziraun

Familiak medikuen partetik jaso duen albistearen berri eman du. Alexandru Andrei (23 urtekoa) uztailaren amaieran jipoitu zuten eta koman dago ordutik.

Erasoa bideoan grabatu zuten erasotzaileek.
Erasoa bideoan grabatu zuten erasotzaileek.
Medikuek baieztatu dute Zornotzan jipoitutako gazteak ezingo duela biziraun

1:20

Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Medikuek ez dute uste Alexandru Andrei Zornotzan jipoitutako 23 urteko mutilak bizirauteko aukerarik duenik. Hala esan du gaztearen familiak Radio Euskadin. 

Familiaren bozeramaileak azaldu duenez, atzo, osteguna, familiak medikuekin izan zuen bileran, ziurtatu zieten gaztea ez dela komatik aterako. "Bai edo bai, hil egingo dela esan ziguten. Garunaren zati bat hilda du eta beste zatiak ez du funtzionatu nahi; ez dauka bizitzeko aukerarik". 

Familiaren esanetan, ZIUn jarraituko du aste honetan eta plantara eramango dute datorrenean, baina esan diete ez dela ZIUra itzuliko. Familiak bigarren iritzi bat nahi luke, beste ospitale batean akaso, "Gorlizera eramateko aukera aztertzen ari gara, baina medikuek esan digute gorputzak ez duela iraungo eta hil egingo dela lehenago". 

Alexandru Andrei Ionita, talde antolatu bateko hainbat kidek uztailaren 25ean Zornotzan jipoitu zuten gaztea, erasoa jasan zuenetik larri dago Gurutzetako Ospitalean. 

Koala Anaiak izeneko gaizkile talde bateko hogei bat kidek egin zioten eraso 23 urteko Lemoako bizilagunari, Zornotzako parke batean lagun batzuekin zegoela. Erasoaren ondoren jakin denaren arabera, talde arriskutsua da Koala Anaiena eta hainbat kidek aurrekariak dituzte antzeko beste hainbat erasorengatik.

Segurtasun Sailaren informazioaren arabera, uztailaren 25ean, larunbatetik iganderako goizaldean, 03:30ean, deia jaso zuen Ertzaintzak Zornotzako Jauregibarria parkean, eraso baten ondorioz, gizon bat lurrean, zaurituta, zegoela jakinaraziz. 

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilak zein anbulantzia bertaratu zirenean, konorterik gabe eta oso gogor kolpatuta aurkitu zuten gaztea, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. 

Iturri horien arabera, hogei bat gaztek osatutako talde batek "sekulako jipoia" eman zion biktimari. Modu antolatuan jokatuz, gaztea inguratu egin zuten "inolako babesik gabe" utzita, eta gehiago zirela aprobetxatuta. Guztiek hartu zuten parte erasoan, "modu aktiboan", Ertzaintzaren hitzetan. 

Ukabilkadak eta ostikoak emateaz gain, objektu sendoak erabili zituzten erasoan, makilak eta botilak besteak beste, biktima konorterik gabe lurrean botata utzi zuten arte. Ondoren, kolpeka jarraitu zuten, eta, azkenean, ondasunak ostu eta ihes egin zuten. 

Ondorengo orduetan jakin zen erasotzaileek erasoa grabatu zutela eta sare sozialetan zabaltzen ari zirela. 

Erasoan parte hartu zuten pertsona berberek gau hartan beste eraso eta lapurreta batzuk ere egin zituzten. Ertzaintzaren arabera, gutxienez beste lau gaztek jasan zituzten talde horretako kideen erasoak.

Guztira, 16 pertsona atxilotu eta justiziaren esku utzi dituzte: zortzi adingabe eta zortzi heldu.

Antzeko talde bat atxilotu zuten Gorlizen, maiatzean 

Maiatzean, Ertzaintzak beste talde bateko zortzi kide atxilotu zituen, Gorlizko pinudian adingabe bati egindako antzeko eraso baten harira. Biktima ospitalean artatu behar izan zuten. 

Talde horrek ere borrokak sortu eta biktimei bortizkeria handiz erasotzen zien. Gainera, sare sozialetan zabaltzen zituen erasoen bideoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Zornotza Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak gaur