Gizartea -

Estortsioa

Sexu harremanetarako webguneen bidezko 80 estortsio kasu salatu dira aurten EAEn

Iruzurrak 100 eurotik 20.000 euro bitartekoak izan dira. 2019an hasi zen Ertzaintza halako kasuak ikertzen, eta "sextortsio" izena jarri zion delituari.

Pertsona bat, eskuko telefonoa erabiltzen. Argazkia: Pixabay
Pertsona bat, eskuko telefonoa erabiltzen
Pertsona bat, eskuko telefonoa erabiltzen. Argazkia: Pixabay

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Harremanetarako webguneen bidez egindako 80 estortsio kasutik gora salatu dira aurten Euskal Autonomia Erkidegoan. Ertzaintzak jakitera eman duenez, iruzurrak 100 eurotik 20.000 eurora bitartekoak dira.

2019 erdialdean igarri zuen Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak delitu mota honen areagotzea, eta orduan hasi ziren "sextortsio" delitua sailkapena erabiltzen. Delitu mota honetan, erasotzaileek sexu harremanetarako webgunetako erabiltzaileei estortsio egin eta, mehatxupean, diru kopuru jakin bat ordaintzeko eskatzen diete.

2019tik, salaketen kopuruak nabarmen egin du gora. Urte horretan 5 salaketa jarri zituzten; 61, berriz, 2020an. Aurten, baina, zeharo igo da salaketen kopurua: urtarriletik abuztu erdialdera 80 bat zenbatu dira.

Modus operandia

Erasotzaileek harremanetarako webguneetan gezurrezko iragarkiak argitaratzen dituzte, eta eskainitako zerbitzuetan interesa erakutsiz deiren bat egin duten guztien telefono zenbakiak biltzen dituzte.

Handik egun batzuetara, estortsio egileek deiak egiten dituzte edo mezuak bidaltzen dituzte bildutako telefono zenbakietara, iragarkiko etxearen arduradunak direla esanez. Orduan, errieta egiten diete biktimei,  gezurrezko hitzordura ez agertzeagatik. Ordainetan, galdutako denbora ordaintzeko eskatzen diete.

Ertzaintzaren esanetan, nabarmendu beharrekoa da taldeek biktimak beldurtzeko izua eta mehatxuak erabiltzen dituzten arren, berez ez dutela biktimen ingurua ezagutzen. Beraz, ezer lortu ezean, mehatxu egiteari uzten diote.

Aitzitik, jakin ahal izan da biktimak lehenengo ordainketa egitea onartzen badu, automatikoki behin eta berriz eskatzen diotela dirua ordaintzeko. Ordainketa hainbat eratara egitea eskatzen dute: kontuetara transferentziak, kutxazainetako ordainketak edo "Bizum" moduko plataforma bidezko ordainketak.

Hori guztia dela eta, Ertzaintzak honako gomendioa egin du: ez da inoiz ordaindu behar, eta edozein ertzain-etxetan dagokion salaketa jarri behar da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza EAE Delituak albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Interneteko albisteak