Gizartea -

Koronabirusa

Gaixo immunodeprimituei hirugarren txertorako hitzordua ematen hasi da Osakidetza

Taldea 4.500 pertsonak osatzen dute. Tartean daude, besteak beste, transplanteren baten hartzaileak edota minbizia mota batzuen kontrako tratamenduan dauden gaixoak.

Osasun langile bat txerto bat ipintzen. Argazkia: EFE
Osasun langile bat txerto bat ipintzen.
Osasun langile bat txerto bat ipintzen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetza dagoeneko hasi da immunodepresioren bat duten 4.500 gaixori covid-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosirako hitzordua ematen, Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak inokulazio prozesu horri oniritzia eman ostean. Jaurlaritzak gordeta dituen Pfizer edo Moderna farmazia-etxeen gertakinak erabiliko ditu horretarako.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur goizean ETB1i eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, aurrerantzean "oso adi" jarraituko dute "ahulen eta zaurgarrien" dauden pertsonak babeste aldera, baina, era berean, "mundu mailako txertaketarekin hartutako konpromisoa" ahaztu gabe. Horren esanetan, "pandemia mundu osokoa" da, eta, beraz, "leku guztietan txertatzen ez den bitartean, denok egongo gara arriskuan", erantsi du.

Osasun Sailak ohar batean gerora zehaztu duenez, taldea 4.500 pertsonak osatzen dute, hala nola organo solidoaren transplantearen hartzaileak, gurasoengandik jasotako transplante hematopoietikoen hartzaileak eta CD-20ren aurkako botikekin tratamenduan (minbizia kasu batzuetan erabiltzen da) dauden gaixoak. Kolektibo horren txertaketa pertsonalizatua izango da, hau da, gaixoaren jarraipena egiten duen osasun-zerbitzuak zehaztuko du noiz txertatu behar den, gaixoaren osasun-egoeraren arabera, lehen eta bigarren dosia hartzeko egin zuten moduan.

Izurriaren egoerari dagokionez, Jaurlaritzako eledunak esan du datozen asteetan eta hilabeteetan "gutxiago" hitz egingo dugula tasa metatuaz eta kutsatzeez eta "gehiago erietxeen eta ZIUen egoeraz, birusaren aldagaiez edo txertaketaz".

"Pentsatzekoa da txertoek eman diguten babesarekin, eta gutxieneko neurri batzuekin, bizimodu irekiagoa izango dugula bi edo hiru asteren buruan. Lehendakariak esan digunez, baliteke neurriak arautzen dituen dekretua irailaren 20ko astean berrikustea", azaldu du.

Pertsona immunokonprometituei dosi gehigarri bat emateko lanean ari da Nafarroa
Pertsona immunokonprometituei dosi gehigarri bat emateko lanean ari da Nafarroa
Pertsona immunokonprometituei dosi gehigarri bat emateko lanean ari da Nafarroa

1:37

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa LABI