Gizartea -

Koronabirusa

LABIren Aholku Batzordea irailaren 17rako deitu du lehendakariak

Pandemiaren egoerak nabarmen egin du hobera azken egunetan, hala, egun indarrean dauden neurriak arintzea erabaki lezake mahaiak.

LABI politikoaren azken bilera. Artxiboko argazkia: Irekia
LABI politikoaren azken bilera.
LABI politikoaren azken bilera. Artxiboko argazkia: Irekia

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak LABIren Aholku Batzordearen beste bilera bat deitu du datorren ostiralerako, irailaren 17rako.

Pandemiak Euskadin izan duen "bilakaera onarekin" bat dator deialdia, eta indarrean dauden prebentzio-neurriak lasaitzea ekar lezake. Joan den abuztuaren 30ean bildu zen azken aldiz mahai politikoa, eta edukieraren inguruko murrizketak leuntzea erabaki zuen: % 60ra iritsi ziren saltokietan eta % 50era ostalaritzan.

Ostiral honetan bertan Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri duenez, intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 200 kasutik behera jaitsiko da Euskadin, ekainetik aurrenekoz.

Era berean, irailaren 30ean txertaketa gune handiak itxiko dituztela aurreratu du, izan ere, data horretarako Euskadin dosi osoarekin immunizatutako xede-populazioaren % 90era iristea aurreikusi dute.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo adierazi zuenez, txertoek covid-19aren aurka eskaintzen duten babes mailari esker eta harreman sozialetan "gutxieneko neurriak" mantenduz, "bizpahiru astetik aurrera", bizimodua "irekiagoa" izan liteke.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Koronabirusa LABI