Gizartea -
POLIZIA-OPERAZIOA
Gutxienez 50 pertsona atxilotu dituzte Iruñean erakunde kriminal bateko kide izatea egotzita
Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak azaldu duenez, operazioa ez dute bukatutzat eman, eta baliteke pertsona gehiago atxilotzea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
50 pertsona atxilotu dituzte Iruñean, 18 adingabe tartean, Polizia Nazionalak eta Udaltzaingoak elkarlanean egindako operazio batean. Besteak beste, lesioak eragitea edo talde kriminaleko kide izatea egozten diete.
Talde latinoen aurkako polizia-operazioan 50 pertsona atxilotu dituzte azken egunotan Nafarroako hiriburuan eta inguruko herrietan. Atxilotuak 500 ekintza kriminal baino gehiagorekin lotzen dituzte eta talde kriminaleko kide izatea leporatzen diete, indarkeriazko jarduerak, erasoak, lesioak, lapurretak eta substantzien trafikoa egotzita.
Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak eta Iruñeko alkateak, bi polizia-kidegoetako arduradunekin, astelehen honetan emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, operazioak ez dute bukatutzat eman, eta, beraz, ez dute baztertu atxiloketa gehiago egiteko aukera.