Gizartea -

Mozorrotzeko garaia

Hasi dira inauteriak!

Sei egunez ia Euskal Herri osoa murgilduko da inauteri giroan. Tolosan, eguerdian egin du eztanda festak.

Txarangaz eta mozorroz josiko dira gaurtik Tolosako kaleak. Argazkia: EITB
Txarangaz eta mozorroz josiko dira gaurtik Tolosako kaleak. Argazkia: EITB
Tolosa kolore biziz jantzi da inauteriei hasiera emateko

01:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Heldu da Ostegun Gizena, festa, umorea eta mozorroak ateratzeko garaia dela iragartzen digun eguna, alegia. 

Tolosan eguerdiko 12:00etan egin du eztanda Inauteriak. Pregoiaren ondoren, eguerdian, Plaza Zaharrean jaurti duten suziriak eman dio hasiera asteartera arte luzatuko den mozorro festari.

Goizean hasi da festa giroa Tolosan. Etxeberriko oinordekoen udal bandoa lehendabizi, eta udal txitulari bandak gero zortzikoa joz egin du betiko ibilbidea. 11:45etan Kabi-Alai elkarteak izendatutako inauterizale kuttunaren aurkezpena izan da eta ondoren pregoia.

Segidan, 12:00etan, herria dantzan jarri duen suziria jaurti dute Plaza Zaharrean. Datorren asteartea arte festak ez du etenik egingo. 300 karrozak eta konpartsek parte hartuko dute aurtengo inauterietan, eta urtero legez, milaka pertsona mozorrotuko dira.

Errenterian eta Eskoriatzan ere gaur hasiko dira inauteriak. Errenterian Azeri-dantza izango da arratsaldean, Ereintza dantza taldearen eskutik. Eta Eskoriatzan berriz, urdelardero eguna ospatuko dute gaur. Umeak baserritar jantzita kalez-kale ibiliko dira kantari.

Hiriburuak

Hiriburuei dagokienez, Bilbon, 19:30etan Farolin eta Zaranbolasen epaiketak eman die hasiera aratusteei Plaza Berrian. Gasteizen, lehen aldiz, konpartsen pregoiak abiarazi ditu inauteriak. Donostiara, Momo jainkosa iritsi da arratsaldean, 19:00etan, eta ongi-etorria egin ondoren, hiriko giltza eman diote. Iruñean bihar (ostirala) hasiko dira iñauteak pregoia irakurrita, beste behin, hiriko kaleek mozorroz eta kolorez gainezka egingo dute eta Mari Trapuz gozatu ahal izango da.

Ipar Eukal Herrian, berriz,  Zuberoan maskaradak hasi dira.

Sei egunez ia Euskal Herri osoa murgilduko da inauteri giroan. Lotsak etxean utzi eta bakoitzak nahi duen mozorroa jartzeko egunak heldu dira, jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea