Itxi

2021/09/19

10:36

Gizartea

TEKNOLOGIA BERRIAK

"Teknologia berriekiko mendekotasunaren prebentzioan gurasoek izan behar dute eredu"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, teknologia berrien eta horien arriskuen inguruan mintzatu dira Ana Gonzalez psikologoa eta Lukene Lizaso gizarte langilea. Nerabeei ezer irakasteko, "gurasoek eredu" izan behar dutela nabarmendu dute biek.

2:55
Haur bat bideojokoan jolasten.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Teknologia berrien aroan haztea eta heztea egokitu zaie egungo haur eta nerabeei. Askotan, arau zehatzik gabeko joko-zelai baten erdian aurkitzen dira, gailu elektronikoak nahieran erabiltzen. Konturatzerako, gailuaren atzaparrek mendean hartzen dituzte, eta atera ezinda geratzen dira. Munduko Osasun Erakundeak 2019an  buruko nahasmendu gisa jaso zuen bideo-jokoekiko mendekotasuna, eta geroz eta gehiago dira teknologia berrien gehiegikeriekin lotutako arazoak dituzten gazteak.

Gaia hedabideetako lerro-buruetara ekarri du, asteon, Castelloko (Espainia) gazte baten istorioak. Fortnite bideojoko ezagunarekiko zuen mendekotasuna ondorioz,  bi hilabetez egon zen ingresatuta ospitale bateko psikiatria unitatean. Egunean 20 ordu baino gehiago jokatzera iritsi omen zen.

Badira urte batzuk adikzio mota berri hau atzematen hasi zirela adituak, baina Covid-19aren pandemiak are gehiago azaleratu du arazoa. Etxean eta pantailen aurrean inoiz baino ordu gehiago igaro dituzte nerabeek, eta zaurgarrienengan eragin kaltegarri asko izan ditu konfinamenduak. Horren lekuko zuzenak izan dira Agipad elkartean.  Drogekiko mendekotasuna duten pertsonei arreta eskaintzeko sortutako elkartea bada ere, egun adikzio mota ezberdinak lantzen dituzte.

Lukene Lizaso Agipadeko gizarte langilearen hitzetan, adikzio mota ezberdinak diren arren, teknologia berriekiko eta drogekiko mendekotasunek badituzte oinarrian antzekotasunak: oso eskuragarri daude, pertsona zaurgarrienei erasotzen diete eta  adikzio maila handia sor dezakete.

Arazoari aurre egiteko tresna garrantzitsuena prebentzioa dela esan du Lizasok. Horren arabera, pantailen aurrean jartzen diren unetik, horien arriskuen berri eman behar zaie haurrei, eta "gurasoek eredu" izan behar dute. "Askotan, helduok egiteko gai ez garena nerabeei eskatzen ari gara. Teknologia berrien aurrean helduek kritikotasunik ez badute, nerabeei zer eskatu behar diete? Azalpen bat zor diegu gazteei", nabarmendu du.

Ildo beretik mintzatu da Ana Gonzalez Bizkaiko Psikologoen Elkarteko kidea ere. Horren hitzetan, isolamendua, denboraren nozioaren galera eta jarrera aldaketa bortitzak dira gazte batek bideojokoekiko adikzioa izan dezakeela pentsarazteko sintomak.

Gurasoengan jarri du begirada Gonzalezek ere, eta gailu teknologikoen erabilera kontrolatzea ezinbestekotzat jo du. "Gurasoek eredu izan behar dute, eta teknologi berrien erabilera arduratsua egin behar dute", zehaztu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;