Itxi

2021/09/21

11:22

Gizartea

Omenaldia Gasteizen

Covid-19aren 4.700 biktimak gogoan, "tunel pandemikoa atzean uzteko itxaropena" aldarrikatu du lehendakariak

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Jaurlaritzako sailburuak eta EAEko erakundeetako beste ordezkariak ondoan zituela, urte eta erdi honetan hildakoak omendu ditu Urkulluk.

2:51
Gasteiz, gaur goizean.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Covid-19ko biktima guztiak oroitzeko eta aintzatesteko ekitaldia egin du gaur Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Omenaldia Gasteizko Sempervirens parkean egin dute. Euskal erakundeek egiten duten gisa honetako bigarren ekitaldia da honakoa (lehendabizikoa iazko irailean izan zen). Oraingo honetan, "itxaropena" izan du ahotan lehendakariak, Euskadiren susperraldi sozial eta ekonomikoari ekin ahalko zaiolakoan, "tunel pandemikoa atzean utzita".

Iazko ekitaldia bezala, bigarren hori Gasteizko parke horretan egin dute. Bertan dago iaz landatutako sekuoia luze edo gorria (Sequoia sempervirens), 1.200 eta 1.800 urte bitartean bizi daitekeena. Lehendakariaren hitzetan, espezie horrek "zoritxarraren aurrean konplizitatearen eta lankidetzaren indarra" irudikatzen ditu, baita "garai berri bati ekiteko itxaropena" ere. 

Jaurlaritzako sailburuez gain, EAEko erakunde nagusietako ordezkariak izan ditu ondoan Urkulluk. Gogorarazi duenez, pandemia hasi zenetik 4.700 pertsona baino gehiago hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izurriak jota. Guztiei "hurbiltasun, dolumin eta elkartasun sentimendua" helarazi die, baita "erakundeek eta gizarteak jasandako sufrimenduaren oroitzapenari eusteko duten borondatea" ere.

Lehendakariaren aburuz, garrantzitsua da "gizarteak pandemian erakutsitako konpromisoa eta elkartasuna bizirik mantentzea. Pandemiaren biktima bakoitzarekiko enpatia gorpuzten eta oroimenean sustraitzen laguntzen digu".

"Gaur, Sempervirens espiritua partekatzen dugu, etorkizunari itxaropenez begiratzen diogu, iraganeko esperientzia eta gehien sufritu dutenekiko elkartasuna ahaztu gabe", azpimarratu du Urkulluk.

Biktimak gogoan hartzeko ez ezik, zerbitzu publikoetako profesionalek egindako ahalegina ere gogorarazteko balio izan du ekitaldiak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;