Itxi

2021/09/21

18:54

Gizartea

Sumendiaren erupzioa

ZUZENEAN: Espero baino geldoago itsasora bidean den laba errekak Todoque herriaren zati bat irentsi du

Agentziak | EITB Media

Sumenditik ateratzen ari den laba bi mihitan zatituta jaisten ari da: bata motel doa, orduko 2 metroko abiaduran; bestea, aldiz, azkarrago, astelehen gauean zabaldutako aho berriak elikatuta.

2:46
Volcán de La Palma. Imagen: EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Espero baino geldoago itsasora bidean den laba errekak Todoque herriaren zati bat irentsi du. 1.200 biztanle inguruko herriko bizilagunek euren etxeak eta negozioak ezerezean nola geratu diren ikusi behar izan dute, naturaren aurka ezer egin ezinik. Herria hustuta zegoen, bizilagun guztiak ebakuatu baitituzte. Orduko 120 metroko abiaduran aurrera egiten jarraitzen du labak; ondorioz, itsasora heltzeko espero baino denbora gehiago beharko du. Jarraitu erupzioa zuzenean, hemen.

Tajuyako plazan errauts-euri gogaikarria hasi da, haizearen norabide aldaketaren ondorioz. Plaza sumendia ikusteko balkoi eta telebisten plato bilakatu da.

Hasiera batean, laba ibaiak atzo 20:00ak aldera kostaldea harrapatuko zuela iragarri zuen Angel Victor Torres Kanarietako presidenteak, baina ez zen hala gertatu.

Miguel Angel Morcuende Kanarietako Larrialdi Bolkanikoen Planeko (Pevolca) zuzendari teknikoak eguerdian azaldu duenez, zientzialari batzordeak uste du laba erreka orduko 120 metroko abiaduran doala maldan behera, ez orduko 700 metroko abiaduran, Involcaneko teknikariek iragarri bezala.

Sumenditik ateratzen ari den laba bi mihitan zatituta jaisten ari da. Bata oso motel doa, orduko 2 metroko abiaduran. Uhartearen hego-mendebaldean dago, Las Manchas inguruan, eta zientzialarien batzordeak ez du uste berriz suspertuko denik. Bestea, berriz, maldan behera doa, eta Todoquen sartu da, astelehen gauean zabaldutako aho berriak elikatuta.

Aho berritik ateratzen ari den magma arinagoa da, eta "mugitzeko oztopo gutxiago" aurkitzen ari da, kono nagusitik datorren kolada gainean doalako, Morcuendek zehaztu duenez.

Pevolcako zuzendari teknikoaren hitzetan, erupzioa izan den eremutik gertu dagoen deformazioa 25 zentimetrokoa da dagoeneko, eta horrek argi erakusten du, adituen arabera, sumendi barruan nolako tentsioa dagoen. "Horrek esan nahi du erupzioak jarraitu egingo duela", azaldu du.

"Deformazioa dagoen bitartean, arazo argia dugu. Funtsezko datua da", gaineratu du.

Bitartean, Espainiako Gobernuak, Kanarietakoak eta La Palmako Kabildoak "zuhurtzia" eskatu diete La Palmako herritarrei. Hala, sumendiaren gertuko errepideetan ez ibiltzeko eta laba koladetara ez hurbiltzeko galdegin diete. Agintarien ahotan, Cumbre Vieja sumendiarekin "ezin da aurreikusi zer gertatuko den", eta horren erakusle da bart sumendian sortu zen azken ahoa.

Labaren bidea. Irudia: EiTB Media

Labaren bidea. Irudia: EITB Media

TESTIGANTZAK

"Labak etxeak irensten ditu paperezkoak balira bezala", adierazi du hustutako herri bateko bizilagun batek, Beatriz izenekoak. Auzokide batzuek etxebizitza galdu dute, eta beste batzuk galtzeko zorian daude. "Oso gogorra da", esan du gazteak. Tazacorteko obra bateko teknikaria da, baina errauts-euriak lanak gelditu ditu astearte honetan.

"Etxe ugari daude zonaldean, eta tristea da, jabetza bat izateko bizitza osoa borrokan eman duelako jendeak, eta ustekabean hauxe iritsi zaigu", deitoratu du.

"Hemen bizi ez direnentzat gertakari deigarria eta polita da, baina jendea oso gaizki pasatzen ari da", erantsi du Beatrizek.

"Labak etxeak irensten ditu paperezkoak balira bezala"

La Palmako sumendiak jaurtitako laba erreka itsasora iritsiko da laster, 183 etxebizitza, gutxienez, eta 103 hektarea lursail estali ostean. Bien bitartean, 5.500 bizilagun ebakuatu dituzte, eta horietako askok euren etxeak eta ondasun guztiak galdu dituzte. 

Bart, Tacande herritik gertu, El Pason, erupzio-aho berri bat agertu da. Horren ondorioz, larrialdietako zerbitzuek ebakuazioak areagotu dituzte.

Aho berria aho nagusitik 900 metrora sortu zen atzo, gaueko lehen orduan, 4,1 graduko lurrikara izan den herrian bertan. Igandean erupzioa hasi zenetik izan den lurrikara handiena hori izan da.

Gainera, Espainiako Institutu Geografiko Nazionalak hiru mugimendu sismiko hauteman ditu La Palman astearte goizaldean, horietako bat 3,2 gradukoa eta kilometro bateko sakoneran, El Paso udalerrian.

Duela ia bi aste La Palman hasitako fenomeno sismikoak 26.000 lurrikara baino gehiago pilatu ditu dagoeneko.

Oraingoz, 300 eta 400 nekazaritza-ustiategi bitartean kaltetu dira labaren eraginez, banana-sailak bereziki, eta Kanarietako Gobernuak 1,1 milioi euroko dirulaguntza emango duela iragarri du kalteak arintzen laguntzeko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;