Gizartea -
Ertzaintzak balizko istilu arrazistak eragozteko dispositiboa martxan jarriko du Irunen, larunbat honetan
Jose Antonio Santano Irungo alkatea kezkatuta agertu da, larunbat honetako "deialdi arrazista eta xenofoboekin".
Agentziak | EiTB Media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, Ertzaintzak dispositibo bat ezarriko du larunbat honetan, Irunen (Gipuzkoa), balizko istilu arrazistak eragozteko.
Jose Antonio Santano Irungo alkatea kezkatuta agertu da, larunbat honetako "deialdi arrazista eta xenofoboekin".
Ohar batean azaldu duenez, Ertzaintzaren bidez "mezu eta deialdien" berri izan du alkateak. Deialdiak sare sozialen bidez egin dituzte. Ertzaintza ikertzen ari da.
"Kezkaturik gaude, batez ere azken orduetan hirian sortzen ari den giroarekin", esan du Santanok. "Indarkeria ez da sekula bidea, eta inork ez luke zigorra ezarri behar, ezta kolektibo bat estigmatizatu ere", azpimarratu du.
"Alkate bezala, lasaitasuna eta zuhurtzia eskatu nahiko nizkieke herritarrei, eta ahal den neurrian liskarretatik aldentzeko, arazoak bakarrik ekarriko dizkigutelako", erantsi du.
"Irun beti izan da eta da harrera hiri solidarioa, eta hori da gure kaleetan nahi dugun aiurria", nabarmendu du.
"Delinkuentziari, datorren lekutik datorrela, Poliziak egin beharko dio aurre, eta horretan lanean ari dira", adierazi du.