Gizartea -
Koronabirusa
16 positibo atzeman dituzte Nafarroan, 30etik beherako hamargarren egunean jarraian
Iruberrin hiru kasu atzeman zituzten atzo; Burgin, Iruñean eta Tuteran bi; eta Ablitasen, Zizur Nagusian, Dicastillon, Fiteron, Funesen eta Villafrancan bana.
EITB MEDIA
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak 16 positibo berri atzeman ditu covid-19an, larunbat honetan, Exekutiboak emandako datuen arabera. Bezperan baino lau kasu gutxiago (20) dira, duela astebete baino 12 gutxiago, eta duela 14 egun baino 39 gutxiago.
Pandemiaren bilakaerak ona izaten jarraitzen du Foru Erkidegoan. 23 egun dira jarraian, egunean 100 kasu berri baino gutxiago diagnostikatzen direla, eta atzokoa hamargarren eguna izan zen, jarraian, 30 kasu baino gutxiago atzeman zirena.
Iruberrin hiru kasu atzeman zituzten; Burgin, Iruñean eta Tuteran bi; eta Ablitasen, Zizur Nagusian, Dicastillon, Fiteron, Funesen eta Villafrancan bana.
Ospitaleetako presioa ere arintzen ari da. 38 lagun zeuden ostiralean Nafarroan ospitaleratuta covidagatik (bezperan baino 4 gutxiago), horietako 13 ZIUn.
Joerak bide horretatik jarraitzen badu, urriaren 1etik aurrera koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako neurri murriztaileak arintzea aurreikusi du Foru Gobernuak.