Gizartea -

Elkarrizketa

Chivitek ez du uste murrizketak kentzeko "goizegi" denik: "Beste une batean gaude"

Nafarroako presidenteak kontuz ibiltzeko eskatu die herritarrei: "Murrizketak kendu ditugu, baina zuhurtzia eta erantzukizuna ezin ditugu kendu".

Chivite, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Chivite, elkarrizketaren une batean.
Chivitek ez du uste ''goizegi'' denik murrizketak kentzeko: ''Beste une batean gaude''

1:42

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako presidenteak ez du uste koronabirusari aurre egiteko murrizketak kentzeko "goizegi" denik.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, "beste une batean gaude" baina kontuz ibiltzeko eskatu die nafarrei: "Murrizketak kendu ditugu, baina zuhurtzia eta erantzukizuna ezin ditugu kendu". Hori horrela, Gobernuak "erne" jarraituko duela nabarmendu du, baina gaur gaurkoz "birusaren zirkulazioa oso txikia da". Chiviteren esanetan, hori txertaketari esker lortu dute, eta nafarren ia % 80 babestuta dagoela azpimarratu du.

Ostalaritzari eta aisialdiari dagozkion neurrietan egindako arintze hori hezkuntza arlora pasatu ez izanagatik kritiko azaldu da hezkuntza komunitatea. Horren aurrean, Chivitek gogorarazi du haurrak immunizatu gabe daudela oraindik: "Horregatik ez ditu murrizketak kendu, haurrak txertatu gabe ditugu. Egia da ez direla larri gaixotzen, baina birusa berdin-berdin kutsatzen dute". 

Halaber, eskoletan jardunaldi trinkoa Gabonak arte mantentzeari buruz, PSNko buruzagiak onartu du aldaketak egon daitezkeela. Horren hitzetan, "ezer ez da betiko. Lehen Hezkuntza konfinamenduak altxatzeko erabakia hartu dugu, eta hurrengo pausoak apurka-apurka emango ditugu". Aurreratu duenez, azaroan hezkuntzako protokoloa arintzeko bilera dago aurreikusita Lurralde Arteko Batzordean; "zain egongo gara", gaineratu du.

Maskara aldean zenbat denboraz izango dugun galdetuta, Chivitek ez du iragarpenik egin nahi izan. "Musukoak oso ondo funtzionatu du, birusen transmisioa oso txikia edo deusa izaten lagundu digu. Barnealdean, oraingoz, mantendu egingo dugu", esan du, eta zehaztu du ez dela ausartzen epe bat ematen, ez baitakite nolako bilakaera izango duen covid-19ak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak María Chivite Koronabirusa Osasunbidea