Gizartea -
Trafikoa
Bi pertsona zauritu dira kamioi bat eta auto baten arteko istripuan, Lezon (Gipuzkoa)
Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak “zuhurtzia areagotzeko” eskatu die gidariei, Pilarreko zubiaren ondorioz aurreikusten den mugimenduen gorakadaren aurrean.
Agentziak | Erredakzioa
Bi pertsona zauritu dira GI-636an izandako istripu batean, kamioi batek eta auto batek elkarren kontra talka egin ostean, Lezon (Gipuzkoa), Segurtasun Sailak esan duenez.
Istripua 7:00etan jazo da, GI-636 errepidean, Irungo noranzkoan. Oraindik argitzeke dauden arrazoien ondorioz, bi ibilgailuek talka egin dute, aurrez aurre.
Kolpearen ondorioz, ibilgailuetan zihoazen bi pertsonak zauritu dira. Horietako bat, zauri larriagoekin, ibilgailutik atera behar izan dute suhiltzaileek.
Errei bat itxita egon da, eta auto-ilarak izan dira puntu horretan, kamioia eta autoa erretiratu dituzten arte. 9:00etan konpondu dira trafiko arazoak.
Nafarroako Erriberan, bestalde, basurde baten kontra egin du ibilgailu batek, eta ondoren, beste auto batek talka egin du, bost pertsona barruan zeudela. Denak osasun zentroetara eraman dituzte. AP68 autobideko 215. kilometroan gertatu da istripua.
Trafiko handiagoa Pilarreko zubian
Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak "zuhurtzia areagotzeko" eskatu die gidariei, Pilarreko zubiaren ondorioz aurreikusten den mugimenduen gorakadaren aurrean. Aurreikusten dutenez, A-8an, Kantabriako noranzkoan, 220.000 lekualdatzetik gora, 110.00 Iparralderantz eta Armiñonen 125.000 izango dira.
Asteartera arte, EAEko errepide sareetan lekualdatze gehiago izango dira, barneko mugimenduen eta kanporako mugimenduen ondorioz. Arreta berezia eskatu du Trafiko Zuzendaritzak, batez ere Armiñonen, AP-1 zaharra eta A-1 autobideen arteko lotunean (Araba), Iparraldeko mugan, AP-8an, eta Kantabriako mugan, A-8an.