Gizartea -

la palma

Kanarietako presidenteak adierazi du "etsaia" sumendia dela

Indar parlamentario guztiek babestu egin dute Angel Victor Torresen eta Kanarietako Gobernuaren jarduna larrialdiaren aurrean. Agente guztien laguntza eskertu du presidenteak, eta "ahal bezainbeste" egingo duela agindu du.

Angel Victor Torres txalokatu duten unea. Argazkia: EFE
Angel Victor Torres txalokatu duten unea. Argazkia: EFE
Angel Victor Torres txalokatu duten unea. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angel Victor Torres Kanarietako presidenteak agerraldia egin du gaur Parlamentu autonomikoan, La Palmako krisi bolkanikoaren berri emateko. Ganberaren eta indar politikoen erabateko batasuna egiaztatuta, ohartarazi du ez dela "ez azkarra ez erraza" izango, eta argi izan behar dutela "etsai bakarra" dagoela, sumendia, hain zuzen.

Indar parlamentario guztiek babestu egin dute Torresen eta Kanarietako Gobernuaren larrialdiaren aurreko jarduna. Gauza bera egin dute Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin, Mariano Hernandez Zapata La Palmako Kabildoko presidentearekin, eta udalerri kaltetuetako (Los Llanos, El Paso eta Tazacorte) alkateekin.

Nieves Lady Barreto Coalicion Canaria taldeko diputatuak adierazi duenez, gobernu autonomikoak haien laguntza izango du, "baina kritikoak eta zorrotzak ere izango gara".

Bestalde, Maria Australia Navarro PP taldeko bozeramailea, bermatu du bere alderdia "egoerak eskatzen duen bezala" arituko dela, eta proposamenak eta esperientzia ekarriko dituztela, baita kaltedunei laguntza lehenbailehen iristeko kontrola ere.

Esker onak eta promesak

Kanarietako presidenteak azpimarratu duenez, Europako ezbehar bolkaniko handiena da ehun urtean. Hori konpontzea "izugarri zaila" izango denez, "leku orotako talde politiko oro konprometituko du". Edonola ere, adierazi du bere gobernuak eta Kanarietako Parlamentuak haien esku dagoena egingo dutela, ahal den neurrian palmatarren mina baretzeko.

Talde parlamentario, alderdi eta presidente autonomiko guztien "beroa" sentitu izana aitortu du. Abisatu du inork ez lukeela "ezbehar honekin ospe-izpirik" lortzeko tentaziorik izan behar.

Presidente kanariarrarentzat, ekintza-batasuna "eztabaidaezina eta aipagarria" da. Berdin deskribatu du Espainiako Gobernuaren esku-hartzea; agindutako 200 milioi euroengatik, eta 20 egunetan etxeak erosi, ur-araztegiak ipini eta kaltetuentzako arreta-bulegoa sortu izanagatik.

Bere esanetan, "mekanismoak bilatu ditzakegu sute bati aurre egiteko, baina sumendi baten aurka erabatekoa da ezintasuna, ez da labaren areagotzea galarazi dezakeen ezer". Gehitu duenez, "ezinezkoa" da erupzioa noiz amaituko den jakitea, eta ezin dituzte guztizko kalteak kuantifikatu.

"Berri ona" da kalte pertsonalik egon ez izana. Presidenteak eskertu duenez, neurri handi batean, zientziari esker izan da hori, baita Pevolca Kanarietako Larrialdi Bolkanikoen Planari ere, erupzioa gertatu baino astebete goizagotik prest.

Torresek onartu du presidente den bitartean akatsak egingo dituela. Era berean, hitzeman du "ahal bezainbeste" egingo duela La Palma uharteko eta, "akaso, Kanarietako" ezbehar larrienaren aurrean.

"La Palmara etortzen denak pena, tristura, hondamena eta etorkizunarekiko beldurra arnastuko ditu. Baina baita ausardia, adorea eta itxaropena ere. Palmatarrak ez dira aise etsiko", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Hondamendi naturalak albisteak Gaurko azken ordukoa Kanariak albisteak Sumendiak Hondamendi naturalen biktimak La Palma sumendia