Gizartea -

Bularreko Minbiziaren Eguna

Azken belaunaldiko 13 mamografo jarriko ditu Osakidetzak 2022an

Ekipo berriek tomosintesia dute eta doitasun handiagoko irudiak lortzeko aukera ematen dute. 2024rako berritzeko falta diren lauak azken teknologiadun horiekin ordezkatuko dituzte.

Osakidetzako ospitale bateko gela bat. Argazkia: Irekia (Mikel Arrazola)
Osakidetzako ospitale bateko gela bat.
Punta-puntako teknologia duten 13 mamografo berri erosi ditu Osakidetzak

1:6

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bularreko Minbiziaren aurkako Mundu Eguna dela eta, iragarpena egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. 2022an zehar, azken belaunaldiko 13 mamografo instalatuko ditu zazpi ospitaletan eta lau osasun zentrotan, diagnostiko goiztiarrean aurrera egiteko.

Gaur-gaurkoz 20 mamografo ditu Osakidetzak, baina hiru baino ez dira puntako teknologia dutenak. Hala, datorren urtean zehar, eta 4,9 milioi euroko aurrekontuarekin, 13 ekipo ordezkatuko dituzte. Bigarren fase batean, 2023 eta 2024 bitartean, falta diren lauak aldatuko dituzte.

Ekipo berri horiek tomosintesia dute, mamografia digitalaren 3Dko forma aurreratua, doitasun handiagoko irudiak lortzeko aukera ematen duena.

Mamografia bularreko minbizia aldez aurretik hautemateko erremintetako bat da. Osakidetzak Detekzio Goiztiarreko Programa du abian orain dela 26 urte, eta ordutik,  11.000 tumore gaizto detektatu dira Euskadin egindako 2,2 milioi mamografia baino gehiagotan. Osasun Sailaren arabera, "minbizi gehienak fase goiztiarretan detektatu dira, zorionez".

Detekzio Goiztiarraren Programak 50-59 urteko emakumeak eta bularreko minbiziaren aurrekari familiarrak dituzten 40-49 urteko andreak ditu xede. Osakidetzaren arabera, xede populazioaren % 80k parte hartu du azken urteetan. Probak bi urtean behin egiten dira, eta emaitzak gutun bidez ematen dira, sei edo zapi eguneko epean.

Osasun Sailak aitortu duenez, pandemiaren eraginez, ohiko urte batean egindako mamografien erdia baino apur bat gehiago egin ziren iaz. 2019ko urtarriletik irailera, 89.572 egin ziren; 2020an, berriz, 50.829 baino ez. Dena dela, 2021eko epe berean 81.524 mamografia egin zituzten. Hori horrela, aurreko jarduera nolabait berreskuratu bada ere, oraindik ez dira hain arin egiten, covid-19ari aurre egiteko hartu beharreko neurrien ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Minbizia albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak gaur Basurtuko ospitalea Gurutzetako Ospitalea albisteak Donostia Unibertsitate Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa olatu berria Galdakao-Usansolo Ospitalea