Gizartea -
TRAFIKOA
Autobus baten matxurak eta istripu batek ilara luzeak eragin dituzte AP-8an, Getarian
Autobusa eskuineko erreian gelditu da Getaria parean eta geroago bi autok talka egin dute Zarautzen. Hori guztia dela eta, 7 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira AP-8an, Bilborako noranzkoan.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Autobus baten matxurak eta bi autoren arteko istripu batek ilara luzeak eragin dituzte gaur goizean AP-8an, Getaria eta Zarautz artean, Bilbora bidean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ez da inor zauritu.
Matxura 07:30 aldera gertatu da, eta autobusa ordubete baino gehiagoan egon da eskuineko erreian traba egiten. Geroago, Zarautz parean, bi autok talka egin dute.
Ibilgailuak traba egiten geratu dira, eta minutu batzuk geroago erretiratu dituzte.
Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, 10:00etan amaitu dira pilaketak.